Irigoienek Etxauriko Harriaren txapelketa jokatuko du

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko mar. 24a, 10:03
Aimar Irigoien Iraetako Santa Ines jaietan harria jasotzen. (Urola Kostako Hitza)

VII. Etxauriko Aintzinako Harriaren Txapelketa igandean jokatuko du Irigoienek, 12:30etan hasita

Etxauriko harri baldarra forma irregularrekoa da eta 136,5 kilo pisatzen ditu

Errezilgo Aimar Irigoien harri-jasotzaileak VII. Etxauriko Aintzinako Harriaren Txapelketan hartuko du parte igandean. Lehia 12:30ean hasiko da, Etxaurin (Nafarroa) bertan. Aimar Irigoien eta Joseba Ostolaza gipuzkoarrek, Unai Bertiz sunbillarra izango dute lehiakide.

Etxauriko harri baldarra forma irregularrekoa da eta 136,5 kilo pisatzen ditu. "Harri zelebrea da, motza eta erreka-harri modukoa", dio Irigoienek. Bosna minutuko txanda bakarra egingo dute harri-jasotzaileek.

Orain arte, Etxauriko harri jasotzeko proban nafar harri-jasotzaileak aritu izan dira batik bat. "Urtero gipuzkoarren bat gonbidatu izan dute, baina aurten bi partaide gipuzkoarrak izango gara, eta bakarra nafarra", azaldu du Aimar Irigoienek. Harri hori jasotze zer den badaki dagoeneko Irigoienek. Errezildarrak iaz ere hartu zuen parte Etxaurin eta bost minutuko txandan hamahiru aldiz jaso zuen Etxauriko harria.

Garai honetan hasten dira harrijasotzaileentzako erakustaldiak-eta. Asteburuan bertan, larunbatean erakustaldi batean jardungo du Irigoienek Ostolazarekin batera. Eta, igandean, txapelketa jokatuko dute.

Igandekoaz gain, hurrengo txapelketa Gorostidi harriarekin jokatuko dute errezildarrak eta zestoarrak, apirilean. Orduan, esku bakarrarekin jardungo duten bakarrak izango dira, gainera.

Bi aste eta erdi geldirik

Aimar Irigoien hankako zaintiratua izan berri du. "Bi aste eta erdian geldirik egon naiz. Entrenamendu batean zaintiratua izan nuen-eta", azaldu du. Zaurituta egon ondoren, Loiola auzoko sanjosetan erakustaldia egin zuen errezildarrak. "Hanka lotuta jardun nuen Loiolan, pixka bat kargatu egiten zitzaidan hanka, baina ondo sentitu nintzen", azaldu du.