Hazparne, euskal egitura politiko propioa sortzearen alde nabarmen

Uztarria.eus | Politika
2010ko mar. 14a, 22:03

%89k Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargoaren aldeko botoa eman dute

Batera plataformak antolatu du galdeketa; ez du balio legalik, baina bai "politikoa"

Azken albistea (martxoak 22, 9:00). Eskualde hauteskundeetako bigarren itzulian ezkerra irabazle

Ipar Euskal Herriarentzako egitura politiko propioa nahi dute Hazparnen, gaurko (igandea) galdeketan ikusi denez. Izan ere, %89,05 egitura propioa sortzearen alde azaldu dira (691 boto), %10,95 aurka (85 boto). Boto txuriak, %1,80 (14 boto). Parte-hartzea %16,61ekoa izan da (776 lagunek eman dute botoa).

"Euskal lurralde elkargo baten sortzearen alde zira?". Hori galdetu dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 122 herritan —biztanleriaren %91k izan du parte hartzeko aukera—, Batera plataformak antolatuta, nahiz eta Frantziako Estatuaren baimenik ez duten izan. Baietza nagusitu da (%78).

Kontsultak legez ez du baliorik baina, Bateraren arabera, "pisu politikoa edukiko du". Hain justu, Frantziako eskualde hauteskunde eguna baliatuko dute Iparraldean egitura propioaz galdeketa burutzeko.

Ipar Euskal Herriak ez dauka egitura politiko-juridiko propiorik. Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak, Biarnorekin batera, Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen dute 1790etik, Akitania eskualdean. Frantziako Errepublikan 22 eskualde daude.

Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatik. 5.500 lagun bizi dira Lapurdiko herri horretan. Iazko azaroan bi herriek harremana sendotzeko konpromisoa hartu zuten.

Eskualde bozetako emaitzak

Frantziako eskualde hauteskundeetako emaitzei dagokienez, Hazparnen UMP eskubia izan da irabazlea lehen itzulian: %25,58ko babesa jaso du; 552 boto. Forces Aquitaine (Modem) zentrokoa izan da bigarren, Beñat Intxauspe Hazparneko alkatearen alderdia: %21,64 lortu du (467 boto). Beste emaitzak: PSk %21,46 (463 boto), Europa Ecologiek %9,87 (213), EAJk %9,2 (199), FNk %4,36 (94). Euskal Herria Bai hautagaitzak —Batasuna eta AB— protesta botoa eskatu zuen, eta %4 inguru erdietsi du.

Iparraldean PS izan da irabazle. (Berria.info)

Azken albistea (martxoak 22, 9:00). Eskualde hauteskundeetako bigarren itzulian ezkerra irabazle. Ipar Euskal Herrian bezala, PS-Europa Ekologia-Ezkerreko Frentea ezkerreko aliantza izan da Hazparnen eskualde hauteskundeetako bigarren itzuliko irabazlea —atzo izan ziren bozak—. %37,36 lortu zuen aliantza horrek, 876 boto.

Forces Aquitaine (Modem) zentrokoa geratu da bigarren: %34,07 (799 boto). Hirugarren, UMP eskubia: %28,57 (670 boto).

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu