Gure eskubideen alde

Iker Iparragirre (Euskal preso politikoa) 2010ko mar. 11a, 11:03

Bois D'Arcyko espetxetik ari natzaizue idazten. Paris aldeko paraje honetatik. Jakingo duzuenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2005. urtean hasitako borrokaldia indartzea erabaki du urte honen hasieran hasita. Asko dira borrokaldia indartzeko arrazoiak, asko baitira etengabe jasan behar izaten ditugun erasoak, eskubide urraketak, umilazioak eta abarrak. Gu giltzapetuta edukitzea nahikoa ez eta, gure senitarteko eta lagunekin modu berean jarraitzen dute, muturreko egoeretara iritsiz.

Zapalkuntza mota ororen aurrean bi aukera egon ohi dira. Makurtzea da bata, geure burua gutxietsiz zapaltzailea ardi larruz jaztea. Beldurrari men egin eta zapaltzailearen zerbitzuko bihurtzea. Zapaltzailearen esanetara jarri eta gure herrikideak baztertzea, gure nortasuna ukatzea.

Baina bada beste aukera bat ere; zapalkuntza orori aurre egitea. Guk hau aukeratu dugu, zapalkuntzari eta errepresioari aurre egiteko. Gogorra da, ezin uka, baina gure nortasuna mantentzen jarraitzeko modu bakarra da. Aurre egiteko moduak asko dira, baina erantzun orok du prezioa. Zapaltzailearen zigorra, errepresioa, alegia.

Mila aldiz errepikatutako gezurrak egi bihurtzen dituzte: Zapaltzen gaituzten mandatariek erantzunei eraso deituz, bahiketei atxiloketa, torturei informazioa, zigorrari justizia eta errepresioan oinarriturik bizi dugun salbuespen egoerari bakea deitzen diote.

Haiek ezarritako bidetik irten daitekeen edonor begiko hartzen dute, hormigoi hotzeko blokeetara joateko mehatxatzen dute uneoro. Garai batean "sorgin" omen ziren haiekin egin zuten bezala.

Ez gara makurtzen ordea. Badakigu gure borrokak duintasuna duela oinarri. Zapalkuntzari men ez egitea aukera posible bat dela erakusten dugu uneoro.

Euskal Herriaren eta euskal herritarron eskubideak onartuko dituen eskenatokia lortzea gure esku dago. Azken urteotako borroka ez baita alferrikakoa izan. Amnistia eta autodeterminazioaren bidean ireki dugun prozesu demokratikoari bultzada bat ematen ari garela badakigu.

Ezin ahaztu, hemen espetxean, oinarri oinarrizko eskubideak urratuta ditugula. Eta horren aurrean hau aldarrikatzen dugu:

  • Larritasunez gaixo diren presoak, aska ditzatela. 6 kide daude egoera larri horretan, baina ezin ahaztu beste 9 kide espetxetik atera dituzten arren, zaintzapeko "askatasunean" daudela.
  • Kondena beteta duten presoak aska ditzatela. Herriko lagun bat aurkitzen da 64 kideren artean; Paterra. (20 urte luze pasa egin ditu)
  • 3/4 (E.E.) edo 2/3 (E.F.) beteak dituzten presoak aska ditzatela. Egoera honetan 170 kide daude.
  • Isolamendu eta bakartze egoeran dauden presoak beste kideekin elkar ditzatela.
  • Euskal Presoak Euskal Herrian bildu gaitzatela.

Urte hasieran ekindako bidetik, borrokaldiari lotuz eta goiko aldarrikapenekin bat eginez, martxoan Espainia eta Frantziako zenbait espetxetan ekimen batzuk burutuko ditugu.

Gehiago luzatu gabe, espetxean gauden herriko kide guztion partez zorionak emateko aprobetxatu nahiko nuke. Zorionak, kolektiboaren aldarrikapenekin bat eginez, ekimen desberdinetan parte hartzen ari zareten herritar guztioi eta batez ere, asteburuetako baraualdietan parte hartzen ari zareten gazte kuadriloi, ekimen eta baraualdien berri zuen bitartez jasotzen baitugu.

Amnistia eta autodeterminazioa!