Eragileek etorkinen inguruko ekimenean parte hartzea nahi du Helduen Eskolak

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 1a, 09:03
Helduen Eskola Publikoan egitasmoa aurkezten Mertxe Egibar, Pello Iruretagoiena, Shahban, Itziar Osa eta Said. (Nerea Uranga)

Herrian lanean ari diren taldeek ikasleekin batera esperientziak partekatzeko ostegunetan bilduko dira

Egitasmoa "parte-hartzailea" dela azaldu dute antolatzaileek

Urola Kostako HEP Helduen Eskola Publikoko Azpeitiko eskolan (perretxikoan dago) Ikas Komunitateak proiektua martxan jarri dute. Horren baitan, elkarrizketa egituratuak jarri dituzte abian. Horietan, eskolako irakasle eta ikasle etorkinekin batera herriko hainbat gizarte eragilek hartzen du parte. "Guk eskolan dauzkagun baliabideekin lan egiten dugu, baina hori baino gehiago egitea nahi dugu etorkinei hemengo hizkuntzak ikasten eta erabiltzen laguntzeko", diote Helduen Eskola Publikokoek.

Elkarrizketa egituratuak egiteko hitzordua ostegunetan jarri dute, 17:00etatik 19:00etara, HEPen bertan (perretxikoan). "Elkarrizketa bidez batzuek besteenkulturak, hizkuntzak... ezagutu eta partekatu nahi ditugu. Guk gune bat jarri dugu horretarako, eta hori eskola nola hobetu dezakegun jakiteko eta ekimen batzuk antolatzeko baliagarria izan daiteke", diote.

Esperientziak partekatuz

Egun HEPera etorkin asko joaten da, bai gaztelera bai euskara ikastera. Elkarrizketa egituratuen bidez, eskolan ezagutzen duten testuingutik kanpokoaren berri jasotzen dute, herrian martxan dauden kultur talde edota bestelako eragileekin hitz eginez. Gasteizen era horretako egitasmoa dago martxan, eta "oso esperientzia ona" izaten ari dela diote.Dagoeneko Udalekoekin eta Baigera Jubilatuen Elkartekoekin hartu-emanak izan dituzte, baina herriko beste eragileengana ere heldu nahi dute. Hala, hilabetero, azken asterako hainbat ekimen ere antolatu dituzte: martxoan zine foruma egitea aurreikusi dute; apirilerako, berriz, liburuaren astea; maiatzean Holandara bost egunetako irteera egingo dute; eta ekainean Ikas Komunitateen jardunaldiak egingo dituzte eskualdean, "lehen aldiz".

Ikas Komunitateak egitasmoaren helburu nagusiak ondorengoak dira: gizartean dauden desberdintasunak (genero, etnia eta kulturari dagokionean) gainditzea; horren baitan lehentasuna egoera kaskarrenean daudenek dutela adierazi dute. Horrez gainera, beste bi helburuak hezkuntzaren kalitatea eta bizikidetza hobetzea dira.

Egitasmoa "parte-hartzailea" dela azaldu dute, baita "benetako demokrazia erabakitzailean" oinarritzen dela ere: "Eskolako profesionalek eta administrazioaz gainera ikasleek eta parte-hartzaile guztiek erabakitzeko eskubide berdina dute".

Eskola eredua erabakiz

Ikas Komunitatearen egitasmoa hainbat fasek osatzen dute. Guztietan lehena, Sentsibilizazio fasea da. Iaz osatu zuten fase hori, baina arrakasta handirik ez zuela izan aitortu dute HEPeko arduradunek: "Ikasleek ez zuten asko parte hartu". Ametsaren faseari ekingo diote orain, eta ikasleek lehentasunak ezarriko dituzte: "Bakoitzak zein eskola eredu nahi duen edota zein eskola edukitzea gustatuko litzaiokeen, horri buruz hitz egingo dugu, eta aurtengo ikasturtean martxan jarriko diren lehentasunak zehaztu dituzte".