Igande honetan apustua jokatuko dute Alex Txikon eta Joseba Otaegik

Uztarria.eus 2010ko ots. 26a, 12:02

Azpeitiko zezen-plazan jokatuko dute apustua, 12:00etan hasita

Harrijasotzen, aizkoran eta korrikan lehiatuko dira Txikon eta Otaegi

Azkeneko albistea (Otsailak 26-20:50): Arratsaldeko bostetara atzeratu dute apustua

Igande honetan, otsailaren 28an, apustua jokatuko dute Alex Txikon eta Joseba Otaegik Azpeitiko zezen-plazan, 12:00etan hasita. Duela hiru hilabete inguru sinatu zuten akordioa Azpeitiko Mendizabal jatetxean.

Igandean jokatuko duten apustua honakoa da: Kirolari bakoitzak 25 altxaldi egin beharko ditu 100 kiloko zilindroarekin. Ondoren, hamalau kana erdiko moztu beharko dituzte eta amaitzeko zortzi kilometro egin beharko dituzte korrikan. 7.000 euro izango dira jokuan.

Lehengo urtean, martxoaren 3an, beste apustu bat jokatu zuen Alex Txikonek Azpeitiko zezen-plazan. Orduan, Joxe Felix Zubizarreta azpeitiarrarekin lehiatu zen aizkoran eta etxekoa atera zen garaile. Joseba Otaegik ere ezagutzen du Azpeitiko zezen-plaza: iazko maiatzean Josu Aizpuru Errekalde-rekin neurtu zituen indarrak, eta Otaegik irabazi zuen.

Azkeneko albistea (Otsailak 26-20:50): Arratsaldeko bostetara atzeratu dute apustua

Haizete gogorrengatik alerta gorria ezarri du Eusko Jaurlarizako Herrizaingo sailak astebururako. Hainbat ekitaldi bertan behera gelditu dira eta Txikon eta Otaegiren apustua, berriz, bost ordu atzeratzea erabaki dute. Igande honetan, arratsaldeko bostetan hasiko dute lehia Azpeitiko zezen-plazan.