XII. Ikasberri Krosa larunbat arratsaldean korrituko dute, Goenan

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 26a, 10:02

Federatu mailako eta eskolarteko lasterketak izango dira

Lehen proba 15:15ean hasiko da

Ikasberri Krosean federatu mailako eta eskolarteko lasterketak jokatuko dituzte bihar (larunbata) arratsaldean, Goenako kanpan. 15:15ean hasiko dira lasterketak. Gipuzkoatik zein korrikalarik hartuko duten parte bihar bertan jakingo dute. "Horiei denboraldiaren hasieran dortsala banatzen zaie-eta", dio Roman Azkue Ikasberri Kirol Elkartekoak. Baina, Bizkaiko eta Nafarroako hainbat lasterkarik izena emanda dute dagoeneko.

Krosa aurreneko aldiz egingo dute arratsaldez, "orainarte beti igande goizetan egin dugu. Beraz, ikusi egin beharko dugu bai partehartzaileek eta bai ikusleek nola erantzuten duten". Berez, joan den urtarrilaren 10erako prestatuta zuten XII. Krosa. Baina, bezperan, elurtea iragarrita zegoela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak asteburu hartako aire zabaleko kirol ekintzak bertan behera utzi zituen.

XII. Ikasberri krosa

Bihar, larunbata, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta, Goenako kanpan izango dira lasterketak.

15:15. Heldu, Jubenil eta Junior mutilak, 5.700 metro.

15:45. Heldu eta Kadete neskak, 2.760 metro.

16:00. Jubenil eta Junior neskak eta Kadete mutilak, 4.140 metro.

16:20. Alebin mutilak eta neskak, 1.380 metro.

16:35. Infantil neskak 1.890 metro eta Infantil mutilak 3.270 metro.

16:55. Senior-promesa neskak, 5.700 metro.

17:20. Senior-promesa mutilak, 9.160 metro.