Lehen Gau Txori Argazki Rallya antolatu dute biharko

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 26a, 10:02

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako lehen gaueko rallya izango da

Perez Arregi plazatik abiatuko da, 19:00etan

Azpeitiko Argazki Elkarteak Azpeitiko I. Gaueko Gau Txori Argazki Rallya antolatu du biharko. Argazki egoitzatik abiatuko dute rallya, 19:00etan; Perez Arregi plazatik, hain zuzen. Bertan, hainbat herritatik (Azpeitia, Zarautz, Zumaia, Errenteria, Barakaldo, Eibar, besteak beste) etorritako argazkilariek hartuko dute parte.

Azpeitiko Argazki Elkarteak 50 parte-hartzaile inguru espero ditu aurrenekoz antolatuko duten gaueko argazki rallyan. Argazkilariek goizeko ordubata bitartean bost gairi buruzko argazkiak atera beharko dituzte; "gai horien inguruko nahi adina irudi", azaldu dute rallyaren antolatzaileek.

Rallyaren erdian Lau Bide jatetxean afalduko dute, eta ondoren gaueko ordubata arte argazkiak ateratzen jarraituko dute. Bukaeran, parte-hartzaile bakoitzak ateratako argazki guztietatik 30 aukeratuko dituzte eta Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan utziko dituzte.

Kaleko giroa jasotzen

Argazki rallya dela eta, bihar gauean hainbat argazkilari kaleetako "bitxikeriak, xehetasunak eta egoerak" jasotzen ariko direla azaldu dute Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek.