Gazte Asteko kartel lehiaketa jarri du martxan Udaleko Gazteria Sailak

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 25a, 09:02

DBHko ikasleek hartu dezakete parte eta lanak martxoaren 4rako egin beharko dituzte

Irabazlearen izena martxoaren 6an jakinaraziko dute

Pazko Asterako, apirilaren 6tik 10era bitarterako, XI. Gazte Astea antolatuko du Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak. Hori iragartzeko irudia aukeratzeko kartel lehiaketa jarri dute martxan.

Kartel lehiaketan parte hartu dezaketenak DBHko ikasleak dira, eta egingo duten irudiaren gaia XI. Gazte Astea izango da. DIN A-4 neurrikoa izan beharko du, eta txuri-beltzean edota koloretan egindakoa. Lana, CDan edota paperean aurkeztu dezakete. Lanak ikastetxeetan jasoko dituzte eta horretarako azken eguna martxoaren 4a izango da.

Martxoaren 5ean eta 6an jasotako lan guztiekin erakusketa bat jarriko dute Zapo Txoko gaztelekuan, eta hura ikustera joaten direnek gustukoen duten lanaren aldeko bozka emateko aukera izango dute. Kartel irabazlearen egilearen izena martxoaren 6an jakinaraziko dute Gazteriakoek. DBH 1 eta DBH 2koek 60 euroko erosketa txartel bat irabazteko aukera izango dute eta DBH 3 eta 4koek, berriz, 80 euroko txartela. Erosketa txartelak herriko dendetan gastatzeko izango dira.