Beste egitasmo bat sortuko duten esperantzan

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 24a, 15:02

Galarretan Azpeitiko zazpi erremontistek jokatzen dute

Galarreta itxi eta egitasmo berriren bat sortuko den esperantzan daude erremontista azpeitiarrak

Indar handia du Azpeitian eta inguruetan erremonteak. Gaur egun asko dira horretan dabiltzan pilotari eta epaileak. Galarreta SL enpresako jokalarien artean zazpi erremontista azpeitiarrak dira.

Hernaniko Galarreta erremonteko pilotalekua kudeatzen duen Galarreta SL enpresak bere jarduna utzi egingo du martxoaren 31n. Hala, enpresako 50 langile inguruk egun horretara arteko kontratua dute enpresarekin.

Erremonteko jokalariek eta epaileek diotenez "pena" da enpresak bere jarduna uztea eta baita gaur egun erremonteak berak bizi duen egoera ere. Baina, hala ere, egitasmo berriren bat sortuko den esperantza ez dute galdu, eta erremonteak aurrera egingo duela uste dute. Hori bai, "gauzak aldatu behar" direla uste dute denek.

Gertatutakoaz galdetuta honakoa uste dute Ion Etxeberria eta Igor Agirrezabala erremontista azpeitiarrek:

Ion Etxeberria (Erremonteko jokalaria)

Aurtengo Inauterietan zazpi urte bete dira Ion Etxeberriak erremontean debuta egin zuela. "Azpeitiko frontoian egin nuen debuta, Inauterietako asteartean", du gogoan. Azpeitiko Inauterietako asteartean zazpi urtez antolatu izan dute erremonteko jaialdiam baina aurten krisia tarteko Inauterietan ez dute jaialdirik jokatu Izarraitz pilotalekuan.

Galarreta SL enpresaren jardunaren bukaera lehenagotik zetorrela dio Etxeberriak: "Gu ez gaitu ezustean harrapatu, imajintazen genuen horrelako zerbait etorriko zela, plantilla asko jaisten ari zen-eta.", dio. Etxeberriaren ustez, Galarretako beste proiektu berririk ez badator "erremontearen bukaera" izango da. "Beste ezer berririk izango den oraindik ez dago ezer garbi eta kontua beltz dago".

Igor Agirrezabala (Erremonteko jokalaria)

Agirrezabalak ere orain zazpi urte egin zuen erremontean debuta, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Inauterietako astearte batez. Orain, Galarreta SL-k bere jarduna utziko du, baina esperantzarik ez du galdu Agirrezabalak: "Guk, koadroko jokalariok, ez dugu esperantzarik galdu, ilusio aldetik behintzat hori badaukagu"

Azken hilabeteetan Galarretan apustuak asko jaitsi dira eta horrek izan du eragin gehien hura kudeatzen duen enpresan. "Jende aldetik igoal ez da antzeman hainbeste, asko jaitsi direnak apustuak dira; jendeak dirua jokatze hori jaitsi da. Galarretak apustuko diru horrekin zulo asko estaltzen zituen. Orain krisiaren eraginagatik, diru iturri hori jaitsi egin zaio eta orain iritsi da iritsi den tokira: zorrei ezin dio aurre egin, sarrerak baino zorrak gehiago ditu eta horrela ezin dela segi erabaki dute".

Galarretako egitasmo berriren bat sortuko den esperantza badu matxinbentarrak: "Denek diote gaur eguneko ereduak aldatu beharra daukala; jendea beste era batera erakarri edota hedabideen aldetik lan gehiago egin behar dela. Denek diote zerbaitek aldatu behar duela, baina inork ez du esaten zerk aldatu behar duen. Denok horren zain gaude: zein sartuko den, zeinek ideiaren bat izango... Baina ilusiorik ez dugu galdu. Martxoaren 31n Galarreta SL-k utzi eingo du, baina segituko dugu, hori espero dugu".

Galarreta eta erremontea bat dira Matxinbentako erremontistarentzako; "Galarreta da erremontearen etxea gaur egun. Iruñean ere jokatzen ditugu partidak, baina Galarreta da erremontearen etxea. Edozeini esan Galarreta eta erremontearekin lotzen du, eta alderantziz". Erremonteko pilotariek Galarretan beste inon baino "gusturago" aritzen direla dio, "bertan egoten den giroa ezin da Iruñeakoarekin alderatu". Baina azken hilabeteetan herrietako frontoi txikietan ere jokatzen hasita daude: "Alde horretatik erremontea gehiago ezagutzera eraman dugu. Baina, erremonteak Galarreta behar du diru iturri bezala".

Bi erremontista horiez gain, beste bost ere azpeitiarrak dira:

Xuban Oiarzabal Matxin III.a. Matxinbenta, Azpeitia, 1989.

Eñaut Oiarzabal Matxin VI.a. Matxinbenta, Azpeitia, 1989.

Imanol Badiola. Azpeitia, 1978.

Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a. Urrestilla, Azpeitia, 1987.

Urko Etxeberria. Azpeitia, 1976.