Gazumen zentral eolikoa egiteko asmoa bertan behera utziko du Jaurlaritzak, mementoz

Uztarria.eus 2010ko ots. 22a, 16:02

Euskal Erakundeek itun eolikoa itxi dute, “adostasun orokorra lortu ondoren”

Gazumen parke eolikoa egitea “desegokia izango litzakeela” argudiatuta, kokaleku hau geroago ebaluatzeko proposamena egin dute

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Bernabé Undak gaur (astelehena) aurkeztu du legebiltzarrean “euskal erakundeen artean adostu” duten itun eolikoa. Horren arabera, Gazumen zentral eolikoa egiteko asmoa, mementoz, bertan behera utziko du Jaurlaritzak.

Gazumeko parke eolikoa Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Haize Energiaren Sektoreko Lurralde Planaren (SLP) barruan hitzartu zuen 15 parke eolikoetako bat da eta Azpeitia, Errezil eta Asteasu arteko lurretan kokatzen da.

Gaur aurkeztu duten hitzarmenean, ordea, Natura 2000 sarea osatzen duten eremuak babestearen inguruko gogoeta txertatu da eta hor kokatu dute Gazumeko eremua, beste batzuen artean. Beraz, eta Gazumen parke eolikoa egitea “desegokia izango litzatekeela” argudiatuta, kokaleku hau geroago ebaluatzeko proposamena egin dute itunaren baitan.

Gazumeko eremua mementoz libratu den arren, Eusko Jaurlaritzak aurrera egingo du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haize errotak jartzeko beste egitasmoekin. Akordiorik ez zela eta, behin-behinean geratu egin zuen gisa horretako 14 proiektuen tramitazioa, baina adostasuna lorturik, aurrera egingo du. Hala, 14 parke eoliko egiteko tramitazioarekin aurrera segituko dute. Ganekogortan (Bizkaia) eta Mandoegin (Gipuzkoa) egingo dituzte parke nagusiak. Beste dozena bat txikiagoak izango dira. Araban, honakoak: Eltziego, Mañueta, Campeador, Cantoblanco, Motxotegi eta Zanpazu. Bizkaian, berriz, hauexek: Jata, Zierbena, Sollube, Atxuriaga eta Galdames.

Gazumeko parke eolikoaren proiektua aurkeztu zutenetik, hainbat eztabaida eta aurkako jarrera agertu izan da gure inguruan. Blog bat ere abian jarri zen proiektuaren aurka egiteko.