Herri-gutunak 700 urte beteko dituela-eta, ekitaldiak antolatu dituzte etzirako

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 18a, 09:02
Gaztelako erregeak 1310eko otsailaren 20an emandako herri-gutuna.

Gaztela eta Leongo errege Fernando IV.-ak 1310eko otsailaren 20an eman zion Azpeitiari herri-gutuna

Herriko agiri zaharren erakusketa inauguratuko dute

Etzi, larunbata, 700 urte beteko dira Gaztela eta Leongo errege Fernando IV.-ak Azpeitiari herri-gutuna eman ziola. Zehazki, 1310eko otsailaren 20an eman zizkien Azpeitiko -Salvatierra edo Garmendia de Iraurgi - bizilagunei foruak eta herri-gutuna, hiribildua sortuz. Urtemuga hori gogoan ,larunbaterako hainbat ekitaldi antolatu du Udalak.

Larunbatean, 11:00etan, meza nagusia izango da Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Ondoren, 12:00etan, Herriko Agiri Zaharren erakusketa inauguratuko dute, udaletxe azpiko aretoan.

Historiako gertakarien lekuko

Herriko Agiri Zaharren erakusketa larunbatean ireki eta martxoaren 7a arte egongo da irekita, udaletxepeko aretoan. Ondorengo ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara; eta, igandetan 12:00etatik 14:00etara.

"Azpeitiko herri-bilduari emandako herri-gutunaren jatorria argitzea" da, Udalaren arabera, dokumentuen erakusketaren helburu nagusia .

Larunbatean zabalduko duten erakusketan Udal Artxibo Historikoan gordeta dauden agiri batzuk jarriko dituzte erakusgai. "Iraurgiko haranaren errealitatetik abiatu, Gipuzkoako lurraldea politikoki eratu zenekoa azaldu, eta gaur egungo errealitatera hurbiltzeko" saioa egin nahi dute erakusketan. Prozesu historiko hori guztia azaltzeko Azpeitiko herriaren garapenean adierazgarriak izan diren gertaerak argitzen dituzten dokumentu batzuk erakusgai jarriko dituzte.