Bukatu da aurtengo mozorro festa

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 17a, 13:02
Haritz Segurola 'Xague' atzp arratsaldeko sokamuturra hasi aurretik. (Nerea Uranga)

Inauterietako helduen mozorro lehiaketan sariak aukeratzea lan zaila izan dela adierazi dute Argazki Elkartekoek eta txistulariek

Haritz Segurolak atzo utzi zion sokamutil izateari

Atzo iluntzean zezen-suzkoarekin bukatu ziren aurtengo Azpeitiko Inauteriak, nahiz eta astelehen gauean kalera mozorrotuta ateratako batzuk atzo oraindik ere festarako gogoarekin segitzen zuten.

Astelehen gauean hotzari aurre egin eta herritar ugari atera zen kalera mozorrotuta. Helduen mozorro lehiaketarako sariak banatzeko orduan nahikoa lan izan zuten epaimahaikideek, aukera zabala zegoelako. Azken urteetan, taldeka mozorrotuta gero eta jende gehiago ateratzen da, eta giro ederra jartzen dute herriko kaleetan.

"Lan zaila"

Aurten, helduen mozorro lehiaketako epaimahaia Azpeitiko Argazki Elkarteko eta Izarraitz Txistulari Elkarteko kideek osatu dute, eta haien esanetan, sariak nori eman erabakitzea "lan zaila" izan da. Atzo 01:15ak aldera hasi zuten sari banaketa eta 02:00ak alderako bukatuta zuten. Taldeetako lehen saria Manley margoek jaso zuten; banakakoetan Zuhaitzek jaso zuten aurreneko saria; eta tabernen artean Etxe Zurik jaso zuen. Taberna Halloween itxuran apainduta egon zen astelehen gauez.

Uzteak, "pena ikaragarria"

Atzo, goizean goizeko sokamuturrean jende asko ibili zen Arno ganadutegiko zezenekin. Arratsaldean ere ganadutegi horretako zezenak ibili ziren. Haritz Segurola Xague-k atzo utzi zion sokamutil ibiltzeari. Baina, utzi aurretik, Inauterietako sokamutur guztietan aritu da sokamutil, baita atzo arratsaldekoan ere.

Afizio hau uzteak "pena ikaragarria" ematen ziola zioen arratsaldeko lehen zezena atera aurretik.

Helduen mozorro lehiaketa

Banaka

1. saria.Zuhaitzek jaso dute 200 euroko saria.

2. saria.Futurama Bender-ek jaso du 150 euroko saria.

3. saria.Elefantea eta haren laguntzaileak jaso dute 125 euroko saria.

Taldeka

1. saria.Manley margoek jaso dute mila euroko saria.

2. saria.Toreroek jaso dute 800 euroko saria.

3. saria.Munillatarrek jaso dute 600 euroko saria.

4. saria.Bollywood-ekoek sari bezala afari bat jaso dute.

5. saria.Txorimaloek ere sari bezala afari bat jaso dute.

Tabernak

Mozorrotutako taberna onena. Etxe Zuri taberna Halloween-eko itxuran jarri dute astelehen gauean eta 300 euroko saria jaso dute.