Juan Karlos Arruti presoari "bizi osoko" zigorra jarri diote

Berria.info, uztarria.com 2010ko ots. 10a, 11:02

Azpeitiarrak zigorra iaz bete bazuen ere, 2019ko irailera arte segituko du kartzelan, Auzitegi Gorenaren erabakiz

197/06 doktrina bertan behera uzteko eskatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Espainiako Auzitegi Gorenak 2019ko irailera arte luzatu dio zigorra Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiar presoari, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur (asteazkena) jakinarazi duenez; hala, 197/06 doktrinaren bidez, hari "bizi osoko" zigorra jarri diotela salatu du. Izan ere, AAMk dio Arrutik 2009ko irailaren 10ean bete zuela zigorra eta kalean beharko zukeela ordutik.

Guardia Zibilak atxilotu zuen Arruti, 1989ko irailaren 16an Irunen (Gipuzkoa), ETAkoa zela egotzita, eta geroztik Espainiako espetxeetan eduki izan dute sakabanatuta. Gaur egun, Cordobako kartzelan dago, Azpeititik 780 kilometrora.

AAMk Espainiako Auzitegi Gorenak martxan jarritako neurriak bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta zigorra beteta duten euskal preso politikoak aske uzteko.

Kartzelan hamabost urte zeramatzala Uztarria herri aldizkariak egindako elkarrizketa hemen.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Ocaña I.ean (Espainia) dago preso, 530 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org