Udala eta Etxebeltzeko sustatzaileak akordiora heldu dira

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 6a, 18:02

Babes ofizialeko etxeetako kontratuak martxoaren 31n sinatuko dituzte, baldintzak aldatu gabe

Etxebizitzak 2011ko apirilaren 30erako emango dizkiete jabeei; R5 eremukoak, hiru hilabete beranduago

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzetako (BOE) kontratuak datorren martxoaren 31n sinatuko dituztela aurreikusi dute, horixe jakinarazi du Azpeitiko Udalak. Kontratuak "orain arteko prezioetan eta baldintzetan" sinatuko dituztela ere zehaztu du Udalak. Honen eta Etxebeltz-Izarra eremuko sustatzaileen hainbat elkarrizketa izan dute, eta akordiora iritsi dira. Bileretan erabaki dute aurreikusitako hirigintzako eta eraikitze lanekin aurrera jarraitzea.

Beraz, Etxebeltz-Izarrako eremuan babes ofizialeko etxebizitza egokituta dutenek martxoaren azken egunean sinatuko dute kontratua. Horrez gainera, etxebizitzak etxejabeei emango dizkieten data ere jakinarazi du Udalak: "Babes ofizialeko etxebizitzak, R5 eremukoak izan ezik, 2011ko apirilaren 30erako entregatuko direla aurreikusi da. R5 eremukoak hiru hilabete beranduago emango zaizkie etxejabeei".

Udalak lanak exekutatzeko etapakako plana martxan jarri duela azaldu du. "Etapa horiek betetzen diren neurrian, Udalak bizigarritasun lizentziak emango ditu".

Etxebeltz-Izarrako eremuan, etxebizitza pribatuez gainera, 208 BOE eraikiko dituzte eta dagoeneko denak zozkatuta daude.