Hileta zibiletarako araudia onartu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 6a, 17:02

Ekitaldi zibilak Betharrametako aretoan edota Enparan dorretxeko lehen solairuan egiteko aukera jarri du

"Erlijiorik gabe bizitzea hautatu duten pertsonen omenez ospakizun duin eta pertsonalak" egin ahal izango dira

Azpeitian hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak egiteko araudiari hasierako onarpena eman zioten herenegun udalbatzarrean. Agintarauaren helburu nagusia, Udalaren baimena eta lokalaren erabilera arautzea da. Alkateak adierazi duenez, Aralarren ekimenez landu dute gaia udaletxean.

Araudiko sarrerak dioenez, "gaur egungo gizartean ezinbestekoa da hildakoen aldeko hileta edo omenaldi zibilak egiteko aukera ematea, erlijiorik gabe bizitzea hautatu duten pertsonen omenez ospakizun duin eta pertsonalak egin ahal izateko, zenduaren bizitza-ikuskeraren arabera, alegia".

Eskaera udaletxean

Hileta edo omenaldi zibilak egiteko eskaerak Udalera zuzendu beharko dira, Alkatetzara. Udaletxean eskaerak berehalakotasun printzipioaren arabera tramitatuko dituzte. Ondoren, alkateak edota berak ordezko izendatzen duen zinegotziak zehaztuko du hileta edo omenaldi zibila zein egunetan eta ordutan egingo den.

Hileta zibilak Betharrametako aretoan edota Enparan dorretxeko lehen solairuko aretoan egingo dituzte. Toki horietan egiten diren hileta ekitaldiakezingo dira gorpua bertan dela egin. Hala ere, errauts-kutxatilak bertan izatea baimentzen du araudiak.

Ekitaldien ordutegia

Udalaren araudiaren arabera, hileta edo omenaldi zibilak astelehenetik igandera bitartean egiteko aukera egongo da. Ordutegia, berriz, honakoa izango da: lanegunetan 17:00etatik 21:00etara bitartean; eta, larunbatetan eta jaiegunetan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Baina alkateak ordutegia aldatzeko eskumena izango du, eta gero Udalbatzari eman beharko dio horren berri. Ekitaldiak gehienez 45 minutu iraungo ditu.

Ekitaldia egiteko Udalak utzitako lokala apaindu edota modu berezi batera moldatu nahiko balitz, garaiz udal zerbitzuari jakinarazi beharko zaio. Baina, tokia moldatzeko edo apaintzeko gastuez interesa dutenak arduratu beharko dute.