Igerilekua moldatzeko lanetarako 600 mila euro erabiliko ditu Udalak

Urola Kostako Hitza | Hirigintza
2010ko urt. 30a, 13:01

Urte guztian erabiltzeko, itxi eta ireki egin ahal izateko sistema jarri nahi du Udalak

Jose Artetxe eta Done Jakue kaleak hobetzeko eskaera egingo dio Espainiako Gobernuari; denera 1.500.000 euroko laguntza eskatuko du

Enplegua sustatu eta toki administraziorako helburua duen Espainiako Gobernuaren diru laguntza jasotzeko Udalak hiru proiektu aurkeztuko ditu eta 1.530.474 euroko laguntza eskatuko du. Egitasmoak dira: kanpoko igerilekua egokitu eta hobetzeko lanak; Done Jakue kaleko hornidura eta lur azpiko azpiegitura sareak hobetzea; eta, Jose Artetxe kalean mugikortasuna eta bideko segurtasuna hobetzea. Herenegun egindako ezohiko udalbatzarrean alderdi guztiek hiru proiektuetarako diru laguntza eskatzeari onespena eman zioten.

Igerilekua, urte guztirako

Kanpoko igerilekuaren zati bat (errektangularra dena) itxi egin nahi du Udalak. Zehazki, kanpoko igerilekuko zati bat ixteko eta irekitzeko moduan jarri nahi du, urte guztian erabili ahal izateko. Udalak dioenez, barruko igerilekua "txikia" gelditu da, eta beharrezkoa da kanpokoa moldatzea. "Itxi eta irekitzen dela jarrita, gaur egun igerirako dauden sei kaleetatik hamar izatera pasatuko litzateke". Egitasmoaren aurrekontua 601.319 eurokoa da, eta lanak bost hilabeteko epean egin nahi dituzte.

Done Jakuen hornidura-sareak

Done Jakue kalean hornidura eta saneamendu-sarea hobetu nahi du Udalak. Alde zaharreko beste hiru kaleetan, Perez Arregi plazan eta Plaza Txikian lur azpiko azpiegituren sareak berrituta daude dagoeneko, baina ez Done Jakue kalean. Egitasmo horren aurrekontua 599.372 eurokoa da, eta kasu horretan ere lanak burutzeko bost hilabeteko epea aurreikusi du Udalak.

Jose Artetxen, mugikortasuna

Jose Artetxe kalerako Udalak duen egitasmoa mugikortasunarekin eta bide segurtasunarekin lotutakoa da. Azpeitiko Udalak 2005etik Mugikortasun Iraunkorraren Proiektua du martxan, eta horren baitan Jose Artetxe kalea oinezkoentzako "lehenetsi" nahi dute. "Jose Artetxe kalea herritarrek gehien erabiltzen duten kaleetako bat da, han baitaude anbulatorioa, autobus geltokiak, Betharram ikastetxea, saltokiak eta garajeetarako sarrera-irteerak. Egitasmo honekin Jose Artetxe kalean dauden arazoei irtenbideak emateko lanak egingo dira". Proiektuaren baitan, anbulatorio aurrean autobus geltoki berria egin nahi dute, "zirkulaziotik kanpo geldituko dena eta oinezkoen segurtasuna bermatuko eta auto ilarak saihestuko dituena".

Gainera, autobus geltokiak hartzen dituen zebrabidea kendu eta errepidearen mailan oinezkoentzako bi pasabide egingo dituzte. Oinezkoentzako espaloiak ere zabalduko dituzte, aparkalekuen antolamendua aldatuta. Lanek 329.783 euroko aurrekontua dute; hiru hilabeteako epea egitea aurreikusi dute.

Bidali:  

Erantzunak

santue | 2010-01-30 : 20:01

oso ideia ona iruitzezat kanpoko igerilekue tapatzeko ideie
azpeitin kirola iteko ohitura haundiye dao ta igeriye da ta igerilekue askotan eotea jende askokin.honen berra aspalditik zauen ta honkin problemie asko arindukoa

txikia | 2010-02-01 : 11:02

Oso idea on hori... bere garaian kanpoko igerilekua egin zenean ere bazegoen.. baina 50eko olinpikoa eginda (orduan jada, Lezon bazegoen eredu bat..). Baina klaro, gu azpeitianoak..eta aquapark bat behar, ez? eta oain barrukoa txiki geratu dela? benga ya! aspalditik dago txiki geldituta barrukoa!beti bezela... prebisio falta latza!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu