Itzalaldi analogikoa otsailaren 8an, Matxinbentan izan ezik

Uztarria.eus 2010ko urt. 29a, 18:01

Aratzerrekara dagoeneko iritsi da Lurreko Telebista Digitala (LTD)

Nuarbera seinale berria otsailaren 6an iritsiko dela aurreratu du Udalak

Itzalaldi analogikoak badu data Azpeitian. Hasieran eman zen urtarrilaren 10ekoa atzeratu ondoren, eta Udalak zabaldu duen informazioaren arabera, otsailaren 8an itzalduko da telebistaren seinale analogikoa udalerrian; egun horretatik aurrera Lurreko Telebista Digitalarena (LTD) bakarrik egongo da indarrean.

Hala ere, bada udalerrian itzalaldi analogikoa atzeratuko den gune bat. Hain zuzen ere, Matxinbentan atzeratu egingo da seinale analogikoaren agurra, han LTDa jasotzeko azpiegitura oraindik ez dutelako osatu. Matxinbentari dagokionez, "data zehaztu gabe" dagoela aurreratu dute Udaletik.

Dagoeneko LTDa ikusteko aukera dutenak Aratzerrekako bizilagunak dira. Nuarben, berriz, otsailaren 6tik aurrera iritsiko zaie seinale digitala.