Turismo zerbitzu hobea eskaintzeko konpromisoa hartu dute 13 eragilek

urola Kostako Hitza 2010ko urt. 29a, 11:01
Kalitate Turistikorako ziurtagiria jaso duten Urola bailarako hamahiru eragileak, Eusko Jaurlaritzako Pilar Zorrilla, Azpeitiko alkate Julian Eizmendi eta Azkoitiko alkate Asier Aranbarrirekin.

Urola bailarako eragile hauek Kalitate Turistikorako Konpromisoa ziurtagiria jaso dute, "lan gogorra" egin ondoren

Azpeitian Kiruri jatetxeak, Jai Alai jatetxeak, Larrañaga hotelak eta Burnibidearen Euskal Museoak jaso dute Kalitate Turistikorako Konpromisoaren ziurtagiria

Urola bailarako kalitate turistikorako lehen ziurtagiriak banatu zituzten herenegun Azkoitiko Insausti jauregian. Zumaiatik hasi eta Azkoitira bitarteko hamahiru eragilek jaso zuten ziurtagiria bertan. "Ziurtagiri hauekin aurrerapauso garrantzitsua eman da bailarako turismoko sektorean. Ziurtagiria jasotzea lana ondo egiten denaren seinalea da, baina kalitatea prozesu dinamikoa da. Hau da, kalitatea etengabeko prozesu bat da", esan du Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak eta Iraurgi Lantzen Garapen Agentziako lehendakariak. Beraz, hemendik aurrera ere egunez egun lana ahalik eta ondoen egiten jarraitu beharko dutela dio Eizmendik. Bakoitzak bere egitekoan edota lanean "lehiakortasuna eta kalitatea oinarri" izan behar dituela ere esan du.

Egindako lanaren emaitza

Aurreneko aldi honetan, hamahiru eragilek jaso dute ziurtagiria, baina hori lortzeko aurretik "lan gogorra" egin behar izan dutela esan dute ziurtagiriak banatzeko ekitaldian. Ziurtagiria lortzeko prozesuan, haien negozioak aurrera eramateko eta aurrerapausoak emateko laguntza izan dutela ere azaldu dute eragileek.

Kalitate Turistikorako Konpromisoaren ziurtagiria honako eragile hauek jaso dute: Azkoitiko Joseba jatetxeak, Iturri jatetxeak, Bai Azkoitia jatetxeak, Kuku Herri aterpetxeak eta Larramendi Torrea hotelak; Azpeitiko Kiruri jatetxeak, Jai Alai jatetxeak, Larrañaga hotelak eta Burnibidearen Euskal Museoak; Zestoako Aranburu landetxeak (Aizarnan dago), Ekainberrik eta Sastarrain aterpetxeak; eta, Zumaiako Algorri Naturaren Interpretazio Zentroak.

Kalitate Turistikorako Konpromisoaren ziurtagirien ekimena Turismo idazkaritzarena da, eta Euskal Autonomi Erkidegoan Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak garatzen eta kudeatzen du, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioaren eta Basquetour Euskal Turismo Agentziaren bidez eta eskualdetako garapen agentzien babesarekin. Kasu honetan, Urola bailarako Iraurgi Lantzenen babesa du.

Azkoitian egindako bailarako turismoko kalitateko ziurtagirien banaketan Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Saileko sailburuorde Pilar Zorrillak ere hartu du parte. Hau ziurtagiria jaso duten eragileei zuzendu da, egin duten lanagatik zorionduz: "Badakit ahalegin handia egin duzuela, eta erabateko prestutasuna erakutsi duzuela zuengana zuzendu garenean". Honek ere, ziurtagiri hau lortzea hasierako pausoa dela nabarmendu du. Sailburuordearen arabera, 2009ko turismo sektoreko balantzea "ona" izan da, "baina kalitatea oinarri hartuta lanean jarraitu behar dugu".

Asier Aranbarri Azkoitiko alkateak ziurtagirien banaketan esan duenez, "nahiz eta bailara industriala izan, turismoa ere bailarako osagaietako bat da". Euskal Herriko historia Urola bailaran "oso ondo" azaldu daitekeela esan du horretarako baliabideak badaudelako: "Bailaran bertan ditugu, besteak beste, Ekain, Munoaundi, Balda eta unibertsalak diren bi pertsonaia: Loiolako Inazio eta Peñafloridako kondea". Askotan Urolako bailara itxia dela esan ohi dela, baina barrura begira egoteaz gain kanporako proiekzioa duen bailara dela nabarmendu du Aranbarrik.

Bailarako baliabideak

Kanpotik bailarara datozenek, lehen harremana turismoko jardunean ari diren eragileekin dutela eta horiek duten garrantzia azpimarratu du Aranbarrik. "Hemengo jatetxeren edo hotelen batera datorrenak inpresio ona izaten badu, beste bati gomendatuko dio edota itzuli egingo da. Beraz, zuen lana benetan garrantzitsua da", esan du Aranbarrik eragileengana zuzenduz.