Bigarrenez, greba eskola publikoetako jangeletako langileen %85ek egin du

urola Kostako Hitza | Ekonomia
2010ko urt. 29a, 09:01

Sindikatu guztiek deitutako grebaren xedea azpi-kontratatutako langileek lan baldintza hobeak lortzea izan da

Enpresari eta Eusko Jaurlaritzari hitzarmena betetzeko presio aldarriekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, ikastetxe publiko gehienetan, jantokietako langile azpi-kontratatuek greba egin zuten atzo, baita Urola Kosta eskualdean ere. Sindikatuek emandako datuen arabera, grebaren bigarren egunak Gipuzkoan eta Bizkaian %85eko jarraipena izan zuen; astearteko lehen egunekoak bezala. Araban, %70ekoa izan zen jarraipena.

Langileek ez dute euren lan baldintzak hobetzeko akordiorik lortu, ez Eusko Jaurlaritzarekin, ez patronalarekin. Hala, joan den apirilean hasi zituzten protestetatik laugarrena izan da atzokoa.

Eskualdeko eskola bakoitzak erantzun desberdina izan du grebaren aurrean. Zenbait ikastetxek normaltasunez funtzionatu du eta ohi bezalako zerbitzua eman dute; beste batzuek gutxieneko zerbitzuak eskaini dituzte eta, besteek, ez dute inolako jangela zerbitzurik eman bi egun hauetan. ELAko kide Noemi Etxeberriak adierazi duenez, orokorrean "gutxieneko zerbitzuetako langileak soilik egon dira lanean bi egun hauetan, gainerakoek greba egin dute".

Baldintza berdinak helburu

Greba honekin eta aurreko hilabeteetan egindakoekin, jangeletako langile azpi-kontratatu hauek zenbait eskari kontuan hartu eta lan baldintzak hobetzea eskatu dute "kalitatezko zerbitzua" eman ahal izateko. Izan ere, 2008ko ekainean Eusko Jaurlaritzarekin zuten hitzarmena amaitu zenetik, "jaso beharko luketen soldataren % 86 ordaintzen die enpresak" jangeletako langile azpi-kontratatuei.

Eskaera horiek puntu zehatzetan laburbildu dituzte: soldatak %5 igotzea, lanaldia 1,5 ordutik 2 ordutara aldatzea; egin beharreko lan guztiak lanaldiko orduen barruan egin ahal izatea; etengabeko formakuntza jasotzea haurrak behar bezala zaintzeko eta tratatzeko; eta, langile bakoitzak ardurapean orain dituenak baino haur gutxiago edukitzea.

Helegiteak aurrera darrai

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak emateko agindua salatu dute sindikatuek: "Edozein langileren greba eskubidea bezalako oinarrizko eskubideen gainetik Eusko Jaurlaritzak interes partidistak bermatu nahi izan dituela uste dugu. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak guztiz jarrera diktatorial honen kontra gaude, ez baitu legerik betetzen eta oinarrizko eskubide baten bortxaketa argia baita".

Etxebarriak adierazi duenez, greba egun hauek igaro badira ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian agindu honen aurka aurkeztutako errekurtsoak aurrera darrai.

Sindikatuak datorren astean bilduko dira grebaren balorazioa egiteko. Dena den, enpresari eta Eusko Jaurlaritzari hitzarmena betetzeko presio aldarriekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek. "Hitzarmena betetzen ez duten bitartean, ez dugu ezer negoziatuko beraiekin", adierazi du Etxebarriak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu