Matxinbentako jaiak ez galtzea da festa batzordearen helburua

Urola Kostako Hitza | Festak
2010ko urt. 28a, 10:01

Auzoko Santa Ageda festetako ekitaldiak bihar iluntzean hasiko dituzte, mus txapelketarekin

Bihar mus txapelketa izango den arren, festak otsailaren 4tik 7ra izango dira

Miren Azurmendi eta Ainitze Agirrezabala, festa batzordeko kideak. (Nerea Uranga)  Argazki originala

Urteak dira Matxinbentan santagedak ospatzen dituztela. Eta aurten ere hutsik ez egiteko, gogor jardun dute lanean festa batzordeko kideek. "batzordearen helburua festei eustea da. Horrenbeste urtetatik datozen festa horiek ez galtzea da gure nahia". Horregatik, urtero-urtero festak antolatzeko ahalegina egiten dute, "Matxinbentako batzordearen funtzionamendua festetara begirakoa bakarrik da", diote. Horien esfortzuaren emaitza gisa, bihar hasiko dituzte festak. Lehen ekitaldia mus txapelketa izango da.

Matxinbentako festa batzordekoek hilaren 13an ekin zioten antolaketari. "Festetarako hilabete baino gutxiago falta zela hasi ginen, badakigulako gure helburua urteroko horri eustea dela", diote.

Festa batzordea bost lagunek osatzen dute. Horietatik gehienak gurasoengandik hartu zuten festak antolatzeko lekukoa; horietako bat da Ainitze Agirrezabala. "Gure aitak-eta antolatzen zituzten lehen festak, eta gero lekukoa herriko gazte batzuk hartu genuen", dio Agirrezabalak. "Gu hasi ginenetik ekitaldi berri batzuk gehitu ditugu, esaterako mus txapelketa eta artisau azoka".

Jaietan tradizio handiena duen ekitaldia, berriz, Santa eskea da. "Hori aspalditik egiten da, urteak dira Matxinbentatik talde batek irteten duela eskean. Gainera, azken urteetan Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe bertsolariak irteten du talde horretan".

Bestalde, festak antolatzeko finantzaketa behar da, eta hori hala, ekitaldiak duten diru kopurura mugatu behar izaten dituztela diote batzordekoek. "Azpeitiko, Beasaingo eta Ezkio-Itsasoko udalek diru laguntza ematen digute festak antolatzeko. Era berean, guk dirua biltzeko otarra zozkatzen dugu". Matxinbentako etxeetako eta baserrietako produktuekin osatutako otarra, hain zuzen. Duela urte batzuk dirua biltzeko zerbait egitea pentsatu eta horixe bururatu zitzaien. "Uste baino arrakasta handiagoa izan zuen, eta diru pixka bat lortu genuen zozketari esker. Ordutik urtero antolatzen dugu", esan dute.

Mus txapelketa, bihar

Bihar hasiko dira Matxinbentako jaietako ekitaldiak, mus txapelketarekin. Auzoko tabernan, Beheko tabernan, alegia, jokatuko dituzte partidak. "Urtero ostiralean antolatu ohi dugu mus txapelketa, baina aurten Santa Ageda eguna egokitu da", dio Agirrezabalak. "Egun horretan tabernan jende asko izaten da afaltzen, eta tokirik ez da izango muserako. Orduan, astebetez aurreratu dugu lehiaketa", azaldu du.

Izena emateko ordua 21:30ean jarri dute. Jokoan, berriz, 22:00etan hasiko dira. Bikoteko hogei euro ordaindu behar dute, interesa dutenek. Lau errege, lau ustel eta lau hamarrekora izango da. Sariak, berriz, honakoak izango dira: bikote irabazleak 200 euro eta otarra jasoko ditu; bigarren gelditzen den bikoteak arkumea eta bi txanpain botila; eta, hirugarrenak oilasko parea eta bi ardo botila.

Matxinbentako festetako ekitaldiek Santa Ageda bezperan jarraituko dute; gaur zortzi, hain juxtu. Datorren ostegun goizean goiz herriko gazteek Santa eskera irtengo dute, trikitilariek eta bertsolariekin batera. Gero, ostegunetik igandera bitartean egunero-egunero hainbat ekitaldi izango da festen baitan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu