Azpeitiko taldeak markak hautsi ditu Trindoor lehiaketan

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2010ko urt. 26a, 11:01

Larunbatean jokatu zuten ‘Hiru Erregeen Mahaia’ irratsaioko lehiaketa, eta lasterka errekorra jarri dute

Oihana Agirrek, Mireia Epeldek eta Nerea Etxeberriak osatzen dute Azpeitiko taldea

Nerea Etxeberria, Oihana Agirre eta Mireia Epelde Azpeitiko kirolariak.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko taldeak markak hautsi ditu Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioko Emakumezkoen Herriarteko Trindoor Txapelketan. Azpeitiko taldeak joan den larunbatean jardun zuen lehian, eta egindako denboraren ondorioz atzean utzi ditu, hurrenez hurren, Markina, Abadiño, Zarautz eta Getaria.

Azpeitiko taldea Oihana Agirrek, Mireia Epeldek eta Nerea Etxeberriak osatzen dute. Agirre, orain dela urte batzuk Zumaian bateletan ibilitakoa da, eta honek 750 metro arraunean egiteko 2:48 behar izan zituen. Epelde, txirrindulari profesionala da, eta gaur egun Lointek taldean dabil. Lau kilometroko bizikleta proba 5:45ean egin zuen. Etxeberria, berriz, Azkoitia- Azpeitia Xeye Atletismo Taldean dabil, eta 1.500 metro lasterkan egiteko 5:24 behar izan zituen. Azken honek, gainera, Emakumezkoen Trindoor Txapelketako lasterkako marka jarri zuen. Guztira, 13:58ko denbora egin zuten azpeitiarrek.

Markinak zuen korrikan errekorra eta zazpi segundoan jaitsi zuen Nerea Etxeberriak. Bestetik, taldeka hamalau minutuko langatik jaistea lortu zuten.

Azkoitia, otsailaren 6an

Joan den larunbatean bakarrik aritu zen Azpeitiko taldea. Berez, Azkoitiko taldea izan behar zuten aurkari. Baina, Azkoitiko hirukotea osatzen zuen kirolarietako bat azkeneko orduan lesionatu egin zen, eta ez zuten parte hartu. Azkoitia otsailaren 6an ariko da Hiru Erregeen Mahaia saioko Emakumeen Herri Arteko Trindoor Txapelketan. Martxoaren 6an Zarautzek finalerdia jokatuko du Markinarekin batera. Azpeitiak finalerdia martxoaren 13an du. Finala apirilaren 10ean da.

Emakumezkoen Trindoorreko sailkapena

]1.- Azpeitia. Oihana Agirre, Mireia Epelde eta Nerea Etxeberria. 13:58.

]2.- Markina. Miren Urkiola, Lore Txurruka eta Irati Etxaburu. 14:05.

]3.- **Abadiño.** Jaione Arana, Eneritz Iturriaga eta Oihana Azkorbebeitia. 14:21.

]4.- Zarautz. Myriam Urbieta, Miren Casado eta Nerea Mujika. 15:42.

]5.- Getaria. Ane Balentziaga, Izaskun Arruabarrena eta Uxoa Irigoien. 16:37.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Uztarria | 2010-01-26 : 13:01

Uztarriak ezabatu egin du aurreko erantzuna, anonimotasun arauak hausteagatik.
Uztarria Komunikazio Taldea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu