Lan Mobel ISBk garaipenarekin bukatu du EBA Ligako aurreneko fasea

Uztarria.eus 2010ko urt. 25a, 09:01

.51-69 irabazi zion Azpeitiko saskibaloi taldeak Universidad de Burgosi

Lan Mobel ISBk ziurtatuta zuen lehendik igoera fasea jokatzeko txartela

Garaipenarekin itxi du Lan Mobel ISB Azpeitiko saskibaloi taldeak EBA Ligako aurreneko fasea. Iragan den larunbatean, 51 eta 69 irabazi zion Lan Mobel ISBk Universidad de Burgos taldeari. Lan Mobel ISBk ziurtatuta zuen lehendik igoera fasea jokatzeko txartela. Izan ere, sailkapeneko lehen postuan zegoen eta asteburu honetakoa galduta ere postu berean geldituko zen.

Hasieratik erakutsi zuen Azpeitiko taldeak nagusitasuna. Bigarrengo zatian, hala ere, puntu gutxi eskuratu zituen Lan Mobel ISBk eta aurkariak nahikoa gerturatu zitzaizkien (25-30). Apurka, berriro hartu zuen nagusitasuna Azpeitiko taldeak eta partidaren amaieran ondo aritu ziren.

Dena den, larunbatekoaz gain, Valladoliden aurkako partida gelditzen zaie jokatzeko; datorren astean dute hitzordua. Baina hango emaitzak ere ez du eraginik izango sailkapean, ez behintzat bigarren faserako sailkatzean.