Turismoaren kalitatea ziurtatuz

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 22a, 11:01

Datorren asteazkenean Azpeitiko lau eragilek Kalitate Turistikoko Konpromisoaren Ziurtagiria jasoko dute

Ziurtagirien banaketa Azkoitiko Intsausti jauregian egingo dute, 19:00etan

Datorren asteazkenean Azpeitiko lau eragilek Kalitate Turistikorako Konpromisoaren Ziurtagiria jasoko dute. Kiruri jatetxeak, Jai Alai jatetxeak, LarraƱaga hotelak eta Burnibidearen Euskal Museoak jasoko dute oroigarria. Azpeitikoez gain, Urola bailarako bederatzi eragilek ere jasoko dute ziurtagiria. Azkoitiko Intsausti jauregian banatuko dituzte ziurtagiriak, 19:00etan. Aurreneko aldiz egingo dute turismoko ziurtagirien banaketa ekitaldia.

Kalitate Turistikorako Konpromisoa Turismo idazkaritzaren ekimena da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak sustatzen, garatzen eta kudeatzen du, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioaren eta Basquetour Euskal Turismo Agentziaren bidez eta eskualdetako garapen agentziaren babesarekin. Urola bailarako kasuan, Iraurgi Lantzen garapen agentziaren babesa du.

Kalitate Turistikorako konpromisoaren ziurtagiriaren helburuak hiru dira: enpresa turistikoen barne kudeaketa hobetzea; bezeroen gogobetetasuna bermatzeko kontrolak ezartzea; eta, instalazioan segurtasuna eta erosotasuna bermatzea.

Asteazkeneko ziurtagirien banaketa akitaldian ziurtagiria jasoko duten eragileetako ordezkariekin batera parte hartuko dutenak honakoak izango dira besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo saileko sailburuorde Pilar Zorrilla eta Azpeitiko alkate eta Iraurgi Lantzeneko lehendakari Julian Eizmendi.