Gaur da Jabi Agirreren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 22a, 10:01

Azpeitiar presoari, ETAko talde bati laguntzea eta etxean armak edukitzea leporatzen diote

2003an atxilotu zuten eta Frantzia eta Espainiako kartzeletan egon da preso

Gaur epaituko dute Jabi Agirre azpeitiar presoa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 10:00etan hasiko da haren kontrako epaiketa. 2003ko urtarrilaren 17an atxilotu zuten Agirre, Bourges herrian (Frantzia), Xabier Etxeberria azpeitiarrarekin batera, ETAko kidea izatea egotzita.

Jabi Agirrek 2001 urteko urrian aldegin zuen Azpeititik, eta ETAko talde bati laguntzea eta etxean armak edukitzea leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionalak.

2008 bukaeran Espainiara

Jabi Agirre 2003ko urtarrilean Frantzian atxilotu zutenean, Fleury Merogis espetxean sartu zuten preso. 2008ko azaroaren 8an bete zuen Frantziako Justiziak 2004an ezarritako zigorra -zortzi urteko kartzela zigorra jarri zioten-, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindua eskatu zuen, eta 2008ko abenduaren 2an Frantziatik Espainiara eraman zuten. Ordutik, Espainiako Justiziaren esku dago. Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailea izan zen euroagindua eskatu zuena. Orduan, Espainiaratzea salatzeko manifestazioa ere egin zuten hainbat lagunek Azpeitian.

Frantzian espetxeratuta eduki zuten bost urte horietan hainbat kartzelatan eduki zuten preso:, besteak beste: Fleuryn, La Santen, Moulinsen, Fresnesen eta Poisin. Espainiaratu zutenean Soto del Realen sartu zuten preso, eta ordutik Aranjuez eta OcaƱa I kartzeletan eduki dute preso.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org