Goiko Kalea kantuan

Jose Luis Otamendi 2010ko urt. 19a, 10:01

Goiko Kaleko urretxindorra isildu da. Eta gu doinu galduaren penak hartu gaitu, iragan-minak edo nostalgiak jota gauzka egunotan. Hemendik aurrera gogoan gordetako irudien eta soinu artxiboetan arakatu beharko dugu Ascensio Zubillaga zena gure artera ekartzeko. Edo lagunartean ahotan hartu haren pasadizoak, eta haren jardun beti beroa berritzen saiatu.

Maiteminduek, ehiztariek eta poetek gauzak neurritik atera ohi dituzte, zainak gainezka egiten die, sentitzen dutena eta euren mundua adierazi beharraren beharrez puztu egiten dituzte bizi izandakoak. Eta nola, gainera! Lur-globoa lehertu arteraino puztu. Baina, bat-batean, liluratu egiten gaitu inoren maitearen edertasunak, edo akordatzerako biziko ehizaldian murgilduko gara kale zulotik mugitu ere egin gabe, edo, agian, hanka bat hautsiko dugu hitz baten bizkar gainetik gaizki erorita...

Gizon bakuntzat neukan Asintxio. Herriko eta munduko albiste txiki eta handien kontalari, berritsu perfektua genuen Goiko Kaleko bizargina (beharrik, ahobizarrik ez haren mintzoak!). Eskatu gabe, iritzia suelto emango zizun zeruko eta lurreko edozer zertzeladari buruz. Bazuen iritzi bat gertaera bakoitzarentzako, eta txitean-pitean erasoko zizun iritzi bakoitza janzteko neurriko nahi beste adibiderekin. Bertsolarien eta historian galtzaile gertatzen direnen memoria hondargabea zeukan, artean elektronikak lizuntzen hasi aurreko armategi ondo antolatua zuela buruan. Hizketan hasi orduko tiroa gertu. Hala ateratzen zion, gero, pasadizo grisenari ere txinparta eta distira.

Eztabaidan nekaezin, grinaz lotzen zitzaion argudioen arteko lehia-jokoari, eta egingo nuke ehizarekin batera horixe zuela kirolik maiteena. Builan, haserre itxuran eta bekozko beltzenarekin ere edozeini barre-iritzia sortarazteko artea zer den ikasi genion ederki Asintxiori.

Maiz sorgindu ninduen haren esateko erak eta musikak. Lagun izan ditut haurtzarotik oraintxe arte. Asintxio bakarra zen eta bakana. Elizaren eta jauntxokeriaren larderiapean bizitzea tokatu zitzaion (agintari frankisten eta karlisten garaian aurrena, eta jeltzaleenean ondoren), baina beti haizearen kontra, antiklerikal eta errepublikazale izan zen; alderdirik gabeko matxinatua, elizarik gabeko sinestun. Hura zen hura, atertu ezineko marmar eta azpiarmonia zoragarria!

Entziklopediak dio urretxindor kantariek euren kantuaren kutsua ezartzen dutela inguruan. Kantu ederreko urretxindorrak bere eragin eremuko beste kantarien maila hobetzen duela, eta desagertzen bada, berriz, kantuaren kalitatearen galgak behera egiten duela nabarmen.

Asintxio-ren eztarria isildu da, baina zorionez ez zaigu kantuan ahaztu. Horregatik Goiko Kalea triste dago egunotan. Eta kantari.