Tolosako hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu du Bilgune Feministak San Sebastian egunerako

Uztarria.eus 2010ko urt. 18a, 19:01

Plazan elkartuko dira etzi, 20:00etan

Elena Cal atzo (urtarrilak 17) hil zuten labankadaz

Atzo, urtarrilak 17, Tolosan gertatutako hilketa salatzeko elkarretaratzea deitu du Azpeitiko Bilgune Feministak San Sebastian egunerako. Etzi, hilak 20, 20:00etan elkartuko dira plazan, indarkeria matxistaren azken biktima gogoan.

Elena Cal, 44 urteko emakumea, atzo hil zen Donostia Ospitalean, Tolosan ustez gizonezko batek emandako labankaden ondorioz.

Tolosakoa izan da joan den asteburuan Euskal Herrian emakumeek jasandako eraso larriena, baina ez bakarra. Barakaldon, gizonezko baten erasoaren ondorioz zauri larriak izan ditu emakume batek.