Helburua, emakumea bera bere eskubideez jabetzea denean

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 18a, 10:01
Hamaiketakoa eskaini zuten Udalak eta Emakumeen Mahaiak arkupetan bildu ziren guztientzat. (Olatz Prat)

Emakumeentzako Jabetze Eskola antolatu dute herrian, eta festa giroan egin dute jendaurreko aurkezpena

Larunbat eguerdian udaletxeko arkupetan egindako jaialdi batekin aurkeztu zuten egitasmoa eta honen helburuak

Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak eta Azpeitiko Emakumeen Mahaiak antolatutako Jabetze Eskola aurkeztu zuten larunbat eguerdian udaletxeko arkupetan egindako jaialdi xume batean. Bertara emakume ugari agertu zen, eta baita zenbait gizonezko ere.

Txalapartariek eman zioten hasiera ekitaldiari eta, ondoren, Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzallus bertsolariek saiotxoa egin zuten eta gitarra taldeak ere gaiarekin lotutako zenbait abesti eskaini zituen. Amaitzeko, mokadutxoa hartu zuten bertan bildutakoek, eta Jabetze Eskolaren baitan emango dituzten ikastaroen informazioa banatu zuten eskuorrietan.

Elkarlanerako gunea

"Bi urteko lanaren ostean", Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sarean sartzea "pozgarria eta ohorea" dela adierazi zuen ekitaldian parekidetasun teknikaria den Edurne Aranbarrik. "Badakigu azken urteetan emakumeen eta gizonen parekidetasunaren bidean urrats garrantzitsuak eman direla, baina datuek ez dute gezurrik esaten, eta badakigu XXI. mendean emakumeok bizitzako esparru gehienetan bazterketa pairatzen jarraitzen dugula", zioen Aranbarrik: "Asko dugu elkarri erakusteko, elkarrekin hausnartzeko, eta pertsonalki eta kolektiboki indartzeko; eta horretarako gunea izango da Emakumeen Jabetze Eskola".

Mugak identifikatzea helburu

Emakumeak batez ere eremu publikoan parte hartzeko eta eragiteko dituen oztopoak identifikatzea eta horiek gainditzen hastea izango da Jabetze Eskolaren helburua. Horretarako, lau ikastaro antolatu dituzte otsailean hasi eta maiatza bitartean: antzerki tailerra; jendaurrean hitz egiteko teknikak; autodefentsa feminista; eta sexualitate tailerra. Ikastaro hauetan parte hartzeko Udaleko Parekidetasun Sailera jo beharko da, udaletxeko 3. solairuan, 943 157928 telefonora deitu edo parekidetasuna@azpeitia.net helbidera idatzi.

Edurne aranbarri-Udaleko Parekidetasun teknikaria

Duela bi urte hasi zen Aranbarri Parekidetasun Sailetik Jabetze Eskola Sarean sartzeko asmoa lantzen

Edurne Aranbarri (Azkoitia, 1979) Azpeitiko Udaleko Parekidetasun teknikaria da saila sortu zutenetik, eta herriko emakumeekin berdintasunaren alde buru-belarri dihardu lanean ordutik.

Nondik sortu da jabetze eskola hau herrira ekartzearen ideia?

Duela bi urte Parekidetasun Saila sortu zutenean, bagenekien Gipuzkoan bazegoela Jabetze Eskola sare bat. Horietan parte hartzen zuten Arrasatek, Hernanik eta Eibarrek. Eskaera egin genuen sare horretan parte hartzeko, eta baldintzak betetzen genituenez, bi urtez bilerak egiten aritu gara eta orain, azkenean, lortu dugu sartzea.

Zein abantaila ematen ditu sare horretan egoteak?

Hasteko, sarean lan egiteko aukera. Gainera, herri horiek berdintasun politikan eta jabetze eskoletan beti izan dira erreferente eta aintzindari, eta urteak daramatzate berdintasunaren bidean urratsak ematen. Beraiekin lan egiteak aukera ematen digu urtean pare bat aldiz elkarrekin ekimen bateratuak egiteko. Gainera, ikastaroetako balorazioa ere elkarbanatzen dugu.

Azpeitian zenbat emakume inguru daude arlo honetan lanean eta ekintzetan parte hartzen?

Emakumeen Mahaian hamabi inguru ibiltzen gara eta, erabat irekia den arren, hor erabakitzen dira Udalera begirako erabakiak. Ikastaroetan eta beste ekintzetan askoz emakume gehiago dabiltza.

Zer bultzatu nahi da egitasmo honekin?

Eskola honekin bultzatu nahi duguna da eremu publikoan ere lan egiteko aukera izatea. Jada legalki eskubide denak ditugu eta legalki aukera berdinak ditugu; orduan, zein da arazoa? Bada, arazoak hezkuntzan datza. Eremu publikora begira ez ditugu gizonak eskuratu dituen hainbat abilezia edo tresna eskuratu, eremu publikoa gurea ez dela erakutsi digutelako. Eremu publikoan emakumearen parte- hartzea bultzatzea eta eduki izan duguna berreskuratzea da asmoa.

Atzera begiratuta, ikusten al da aurrerapausorik?

Bai, denborarekin eta lan askorekin, baina urratsak ematen ari gara poliki-poliki, parekidetasun egoera guztizkoa oraindik urrun dagoen arren.

Jabetze kontzeptuarekin zer adierazi nahi duzue?

Pertsonalki eta kolektibo moduan, berez ditugun eskubideez eta eskubide horiek praktikan jartzeko ditugun aukerez emakumea ohartaraztea. Norberak egin behar duen prozesua da, pertsonala; baina jabetze kolektiboa ere garrantzitsua da, emakumearen zapalketa era kolektiboan ulertzea, niri ez zaidala hori gertatzen Edurne izateagatik, emakumea naizelako eta jaso dugun heziketagatik baizik.