EAJ "gobernutik oposizioa" egiten ari dela salatu du ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 18a, 10:01
Azpeitiko ezker abertzaleko kideak zentsura mozioaren urtemugari buruz larunbatean egindako agerraldian. (Irene Elorza)

Atzo urtebete ezker abertzaleak alkatetza galdu zuen, ETAk hildako Inazio Uriaren hilketa ez salatzeagatik

Iñaki Errazkin alkatetzatik kendu zuen zentsura mozioaren urteurrenean, gogor kritikatu du EAJren politika

Larunbatean urtea bete zen EAJk eta EAk onartutako zentsura moziori esker Iñaki Errazkin alkatetzatik kendu eta Julian Eizmendi jeltzaleak haren lekua hartu zuenetik. ETAk Inazio Uria hil berri zuen, eta Udal Gobernuko parte zen ezker abertzaleak ez zuen hilketa salatu; hori izan zen zentsura mozioa aurkeztearen arrazoia.

Urtebete igarota, EAJ Udal Gobernutik oposizioa egiten ari direla eta gobernutik kanpo dauden alderdiak, aldiz, herria gobernatzen ari direla uste du ezker abertzaleak. Egoera honek sortzen dituen arazoak Azpeitiaren eta azpeitiarren kalterako direla gaineratu dute.

Urtemugaren harira, Azpeitiko ezker abertzaleak euren aurkako "kriminalizazioaren" eta erangidako ondorioen balorazioa egin du.

"PSOEk ezker abertzalearen aurka daraman errepresio zurrunbiloan murgildu zen PNV duela urte bat, Inazio Uriaren hilketak sortutako tentsio uneak, alkatetza lortzeko presio tresnatzat erabiliz", adierazi zuten atzo egindako agerraldian. Iaz eman zen botere aldaketa ez zela herrian aldaketa politiko baten beharra sumatzen zelako burutu salatu du ezker abertzaleak, "Madrildik diseinatutako eta EAJk burututako operazio politiko bat" izan zela argudiatuz.

Julian Eizmendik "presio mediatikoa eta ezker abertzalearen aurkako kriminalizazioa baliatuz" lortu zuela alkatetza, eta Ertzaintzak "ezker abertzaleko kideak herriko plazan jipoituz" ekin ziola alkatetzari salatu dute.

"Botere gosea" oinarrian

Azken urtean EAJk egin duen politikak euren tesia berretsi duela diote ezker abertzaleko kideek. "EAJren botere gosea izan zen zentsura mozioa aurkezteko arrazoi nagusia, presaka eta inongo oinarri politikorik gabe aurkeztutako mozioa izan baitzen", adierazi dute.

Herrigintzaren inguruko kritika

Herrigintzari dagokionez, urtebeteko balorazioa egin du Azpeitiko ezker abertzaleak, Udal Gobernuan EAJk duen "noraeza" salatuz. "Akordio zabalak bilatuko zituztela esan arren, euren proiektuak inposatzen saiatu dira", esan dute. Inposaketa horren lau adibide eman dituzte: "Udalbatzaren gehiengoa gainetik pasatzen saiatu dira hainbat alditan; herrian hirigintza gatazkak sortu dituztenak daude Udal Gobernuan; herri mugimenduak herri eraikuntzan (arloetako mahaietan) jokatu beharreko protagonismoa handitu beharrean, kontrako norabidean ari dira; eta, azkenik, ezker abertzaleak kritika politikoa kalean egiten dionean Udaleko langileak jartzen ditu kritikak ezabatzen. Egungo Udal Gobernuaren erantzukizun falta izan bagenu, zentsura moziorik ez zen behar izango, guk geuk dimitituko genukeen".

Hainbat galdera

Ezker abertzaleko kideek gogorarazi dutenez, EAJren Udal Gobernuak bi oinarri nagusiren baitan ekingo ziola lanari azaldu zuen Julian Eizmendik, egungo alkateak, zentsura mozioa onartu ondoren. Batetik, herritar guztien eskubide guztiak defendatuko zituen alkatea eta gobernua izango zela beraiena eta, bestetik, EAJk gehiengorik ez zuenez beste alderdi politikoekin akordioak lortzea izango zela Azpeitiko herria aurrera eramateko politika. "Urte honetako balantzeak, ordea, bi oinarri horiek ahaztu egin zaizkiela erakusten digu", azaldu dute.

Hainbat galdera planteatu ditu Azpeitiko ezker abertzaleak: "Non ezkutatu da EAJko Udal Gobernua ehunka azpeitiarri beren bozka eskubidea ukatu zaienean espainiar lege faxisten ondorioz? Non ezkutatu da Udal Gobernua hainbat herritar Auzitegi Nazionalera deituak izan direnean lan politikoa egiteagatik? Non ezkutatu dira Guardia Zibila gazte mugimenduko kideak atxilotzera armaz josita etorri direnean edota euskal preso politikoen senideek beren seme-alabak besarkatzeko aukera ere ukatzen diotenean? Beren ustetan, gu ez gara izango eskubide horien jabe".