Berriro zabaldu dute Urrestillako haur eskolan izena emateko epea

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 16a, 17:01

Urtarrilaren 29ra artean eman ahal izango da izena; orriak udaletxean eta Urrestillan Mari Joseren dendan daude

Udaleko Hezkuntza Sailak azaroan azaldu zuenez, otsailean irekiko dute Urrestillako eskola

Urrestilako haur eskola berrian izena emateko epea zabaldu dute bigarren aldiz; aurreneko epea azaroan zabaldu zuten. Haur eskolan izena emateko epea astelehenetik hilaren 29ra bitartean egongo da zabalik. 0 eta 2 urte arteko haurrentzako da eskola berria.

Izena emateko orriak udaletxean eta Urrestillan Mari Joseren dendan daude eskuragai. Orriak betetakoan, udaletxeko sarreran aurkeztu behar dira, aurrez aipatutako epean eta 08:30etik 14:00etara. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak Udaleko Hezkuntza sailera deitu dezake, 943 157068 telefonora.

Iazko azaroan Udaleko Hezkuntza Sailak adierazi zuenez, otsailean zabalduko dute haur eskola berria. 2008koan Urrestillako Herri Batzordeak egindako eskariari erantzunez abiatu zuten haur eskolaren egitasmoa. Eskola, Azpeitiko Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren baitan kokatuko da, sare publikoan. Zurrunbilo Urrestillako Haurreskola izena jarriko diote, Urrestillako Herri Batzordearen proposamenari jarraituz.

Haurrentzako eskola jartzeko, garai bateko eskolak zeuden eraikuntza egokitzen ari dira. Espainiako Gobernuak bideratutako laguntzekin herrian egingo diren proiektuetako bat da eta 277.104 euroko aurrekontua du.

Uztaron ere matrikula zabalik

Azpeitiko Uztaro Haurreskolan ere matrikula egiteko epea astelehenean zabalduko dute, eta hilaren 29a arte egongo da izena emateko aukera. Orain matrikulatutako haurrek martxoan, apirilean, maiatzean edo ekainean hasteko aukera izango dute.Hango telefonoa 943 813190 da.