Etxebeltz-Izarra eremuko BOEtako lanak geldirik daudela salatu dute etxejabeek

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 15a, 10:01

Bigarren zozketa gaur egingo dela eta, lehenengo zozketan etxebizitza tokatu zitzaienek idatzi bat kaleratu dute

Norbaitek kaletetuen taldearekin harremanetan jarri nahiko balu etxebeltzizarra@gmail.com edo www.etxebeltzizarra.blogspot.com -era zuzendu besterik ez du

Etxebeltz-Izarrako BOEn bigarren faseko zozketa egingo dutela aprobetxatuz, lehen faseko zozketan etxebizitza egokitu zitzaienek idatzi bat kaleratu dute. Eremu horretako etxebizitzen eraikuntza enpresek oraindik BOEtako lanak geldirik dituztela salatu dute etxejabeek: "Hilabete da BOEn eraikitzaile diren Amenabar eta Altuna y Uria enpresek, zuzenean agindu zigutela lanak berriro hasiko zituztela, beraien borondate onaren adierazle. Gaur, oraindik berriro lanak hasteko daude, beraz ez dute beraien hitza bete". Etxebeltzen etxea egokitu zitzaienek diotenez, borondate ona "ekintzen bidez" erakusten da, "lanak lehenbailehen hasita eta ahal den azkarren bukatuz".

Bestetik, beste behin ere, Leku Eder eraikuntza enpresarekin kritiko azaldu dira Etxebeltz-Izarrako eremuko etxejabeak. Leku Eder sustatzaileari "bere interes propioak" lortzearen alde jardutea egotzi diote: "Zikin jokatzen ari da, Udalari xantaia egin nahian eta hainbat herritar kaltetuz".

Gaur 54 BOEren zozketan parte hartuko dutenei, "guzti honi irtenbidea aurkitu nahian" lanean jarraituko duela azaldu die Etxebeltz-Izarrako kaltetuen taldeak. Norbaitek lan talde horrekin harremanetan jarri nahiko balu etxebeltzizarra@gmail.com helbidera zuzendu besterik ez duela esan dute edota informazioa www.etxebeltzizarra.blogspot.com webgunean zabaltzen dutela ere azaldu dute.