Beste ezerk ez duelako horrela bete

berria.info 2010ko urt. 14a, 12:01
Iazko abenduaren 13an jokatu zuen lehenengo aldiz Bigarren Mailan. (Urola Kostako Hitza)

Futbol jokalaria izan nahi zuen txikitan, eta 1,82 metrorekin erdiko atzelari izateko oso handia ez bada ere, Bigarren Mailaraino iritsi da, Real Unioni esker.

Berria egunkariak elkarrizketa egin dio Hodei Mendinueta Real Unioneko jokalari azpeitiarrari

Handitzean? "Futbol jokalaria". Hala erantzuten zuen Hodei Mendinuetak umetan. "Asko motibatzen nau futbolak. Bizi egiten dut, gozatu egiten dut, eta orain arte ez dut horren pareko ezer aurkitu". Ona da umetan ametsak edukitzea. Eta are hobea gerora betetzen joatea. "Bizitzako ametsetako bat bete nuen Bigarren Mailan lehen aldiz jokatu nuenean". 2009ko abenduaren 13an izan zen. "Ondo egindako lanaren saria izan zen, eta izugarri poztu nintzen". Debuta, berdinketa (1-1), partida txukuna, eta jarraitutasuna. Hurrengo lau partidetan ere hasieratik aritu da azpeitiarra. "Jokatu izan dudan guztietan pentsatu izan dut ez neukala ezer galtzeko. Hainbeste denbora egon naiz jokatu gabe, orain ez naiz hasiko neure buruari presioa sartzen".

Lesioekin dezente sufritu duen jokalari baten hausnarketa da hori. Gorputzeko atalak ondo ikasten ariko da Mendinueta. Belauna hautsi zuen lehenengo orain lau urte; pubisean hartu zuen min gero, urte berean; zuntz haustura ere izan du denboraldi honetan, Celtaren aurkako Espainiako Kopako partidan, eta aldaka minduta egon zen gero. Gorputza minduta eta barrua minduago.

Berezia izan zen, gainera, lehen lesio larriaren momentua bera. Ikastolan ostikoka hasi -"mundialak izan ziren garai haiek"- eta Lagun Onak taldera. Handik Realera joan bai -"izugarria izan zen"-, baina lau urteren ostean, taldean jarraituko ez zutenen zerrendari begiratu eta han agertu zen haren izena. "Gogorra izan zen. Zergatik ni?. Askotan galdetu nion hori neure buruari". Negar saio batzuk eginda, burua altxatu eta herrira itzuli zen. "Gazte mailako beste urte bat geratzen zen, eta aukeran jarri zidaten nora joan nahi nuen, utzita". Realean jarraitzeko azken aukeraren bila. Orduan hautsi zituen hautsi beharreko guztiak. "Denboraldi-aurrea hasi eta bi astera hautsi nuen meniskoa, eta pubisa gero". Sasoi guztia igaro zuen jokatu gabe. "Negar asko egin nuen". Eta malko artean, Realeko etapa amaitu zela esan zioten gero.

Etxekoentzat eskerra

"Oso gaizki" pasatu zuen; izan ere, Reala B-ra salto egin zezakeela ikusi eta gero, eskualde mailan jokatzera igaro zen. "Goian jokatu nahi nuen, baina ezin nuen. Gerora ulertu dut denbora behar dela prest egoteko. Baina amorrazio handia neukan". Eta amorrazioak leku jakinean baretzen dira normalean. "Etxean". Orain Donostian bizi da, baina etxekoei eskertzeko asko daukala esan du. "Psikologo ederrak dauzkat! Laguntza handia jasotzen dut. Nire afizioa babestu izan dute beti, momentu onetan eta txarretan. Oker nabilenean, berehala bideratzen naute". Aita-amak aurrean daudenean barrutik esker hitzak ateratzea kosta egiten zaiola onartu du. "Baina asko zor diet".

Penak ahaztu ondoren iritsi zen Real Unionen deia. Bigarren B Mailan zegoenean. "Jokatzeko aukera izatea, Real Madrilen aurkako kanporaketa barrutik bizi izatea, Bigarren Mailara igotzea... Egoera utopikoa zen, bizitzan behin gertatzen diren horietakoa. Oso esperientzia betegarria izan zen, ahaztezina". Horregatik esan du ziur Bigarren Mailarako igoera izan dela "orain arteko momenturik onena". Behin igota, "oso maila polita baina gogorra" dela ikusi ahal izan du. "Kanpotik begiratuta, ematen du maila aspergarria dela, baina zelaian bete-betean egon beharra dago. Ezin da akatsik txikiena ere egin".

1,82 metro. Hala jartzen du nortasun agirian. Erdiko atzelaria izateko handi-handia ere ez. "Ez naiz oso indartsua, baina moldatzen naiz". Ia oharkabean hasi zen atzean jokatzen. "Euskarri postuan hasi nintzen Lagun Onak- taldean, baina Realera joan nintzenean esan zidaten nahiko azkarra nintzela eta erdiko atzelaria izateko baldintza hobeak neuzkala". Ez zebiltzan oso oker. Oso maila txukunean ari dira Iglesias eta biak erdiko atzelari lanetan, baina klubak postu hori indartu nahi du abenduaren 31 baino lehen. "Nahigabe ere, min eman edo zalantzak sortzen ditu horrek". Baina ez du denborarik galdu nahi buruari bueltaka. "Benetan ona bada, ongietorria izango da".

Taldean daudenak defendatu ditu, hala ere, zelaian eta zelaitik kanpo. "Oier [Larrainzar], adibidez, gizon puska da. Beti egoten da ondoan, eta asko laguntzen du. Jokalari handia da, erreferentea". Beste jokalari baten izena ere bota du, ordea, orain arteko taldekideren baten izena eskatuta. "Jende askok galdetu dit ea berarekin maiteminduta nagoen, baina Josu Aranburu botako dut".

Azpeitiarra izanda harrigarri samarra ere bada, baina... "Inoiz ez zait askorik gustatu San Sebastian eguna". Umetan han ibiltzen zen danborra jo eta jo. Baina gehiago gustatzen zitzaion hiru egun geroagoko festa. Urtebetetze eguna. Larunbatarekin egokitzen denez, Herculesen aurkako partida jokatuko du Mendinuetak urtebetetze egunean. "Ez pentsa, aspalditik neukan gorriz margotuta egun hori. Talde handia dela iruditzen zait, eta oso opari polita litzateke". Opariak eskatzen hasita, beste bat ere eskatu du, hala ere. "Toteren elastikoa-edo". Eta hiru puntuak.

Nortasun agiria

Jaioteguna. 1986ko urtarrilaren 23a.

Jaiolekua. Azpeitia (Gipuzkoa).

Altuera. 1,82 metro.

Pisua. 76 kilo.

Postua. Erdiko atzelaria.

Ibilbidea. Lagun Onak (1998-2000), Reala (2000-2004), Lagun Onak (2004-2008), Real Union (2008tik).