Jabetze Eskola jarri du abian Emakumeen Mahaiak

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 14a, 09:01
Emakumeen Mahaikoak Jabetze Eskolen inguruan egindako agerraldian. (Nerea Uranga)

Sortzearekin batera, Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sarean sartu da ekimena

Ekimena aurkezteko jaialdia egingo du Emakumeen Mahaiak larunbatean, 12:00etan, udaletxeko arkupetan

Azpeitiko Emakumeen Mahaian lanean ari direnak gustura daude: herrian emakumeen Jabetze Eskola sortu dutelako, eta gainera Gipuzkoako Jabetze Eskolen sarean sartu delako. Baina hori lortzeko gogor lan egin dutela nabarmendu dute: "Bi urteetako jardunari esker sartu da Gipuzkoako Jabetzen Eskolen sarean, eta hori ohore handia Azpeitiko Emakumeen Mahaiarentzat".

Gipuzkoako sarean sartuta beste herri batzuekin elkarlanean jarduteko aukera izango dute: "Sare horretan Eibar, Arrasate eta Hernaniko herriekin elkarlanean aritzeko aukera izango dugu , eta pozgarria da guretzat, herri hoiek ibilbide luzea dutelako Jabetze Eskolak antolatzen".

Jabetze Eskolak emakumeen topaleku eta prestakuntzarako eta hausnarketarako guneak dira. "Emakumeen parte-hartze soziopolitikoa indartzea dute helburu, eremu publikoan dugun parte-hartzea, alegia", esan dute Emakumearen Mahaikoek. Jabetze Eskolek emakumeen parte-hartzea "indartu" nahi dute, horretarako hainbat gai lantzeko bideak eskainiko dituzte ikastaroen eta tailerren bidez.

Emakumeek eremu publikoan eragin eta parte hartzeko "oztopo eta muga" asko dituzte. "Muga horietaz jabetu behar dugu, horiek identifikatzen ikasi eta ondoren gainditzeko", diote.Larunbatean Jabetze Eskola aurkezteko jaialdia antolatu dute, 12:00etan, udaletxe azpian. Hamaiketakoa emango dute eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.

Emakumeen Jabetze eskolako ikastaroak

Emakumeen Jabetze Eskolako ikastaroetan eta tailerretan izena emateko Udaleko Parekidetasun Sailera jo behar da. Telefonoa 943 157928 da.

Antzerki tailerra. Alaitz Olaizolak emango du, eta urte osoan izango dira saioak, astegunetan 15:30etik 17:30era, Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan. Hilean 5 euro kostako da. Tailer honen helburua emakumeak antzerki mundura hurbiltzea da, eta hortik abiatuta nork bere gorputzarekin konfiantza hartzea.

Jendaurrean hitz egiteko teknikak. Edurne Mendizabal ariko da irakasle. Otsailaren 4an hasi eta martxora bitartean izango da, ostegunetan, 18:00etatik 20:30era. Matrikula 25 eurokoa da. Ikastaro honetan jende aurrean hitz egiteko teknikak landuko dituzte, emakumeei eremu publikoan parte hartzen laguntzeko.

Autodefentsa feminista. Isa Bernalek emango du, martxoaren 12an eta 13an. Oraindik zein tokitan emango duten zehaztu gabe dago. Gaztelaniaz izango da. Ostiralean, 16:00etatik 20:00etara eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Matrikula 12 eurokoa da. Indarkeria mota guztiei aurre egiteko baliabideak irakatsiko dituzte.

Sexualitate tailerra. Edurne Mendizabalek, Ana Elosegik eta Libe Yurrebasok emango dute. Hastapeneko saioak maiatzaren 8an eta 15ean izango dira, eta sakontzekoak apirilaren 17an eta 24an. Sindikatu Zaharrean dira saioak, 10:00etan hasita. Matrikula 5 euro izango da. Tailer honen helburu nagusia parte-hartzaile bakoitzak bere buruarekin eta gorputzarekin duen harremana hobetzea da.