Gazteriaren gabonetako ekitaldiek parte-hartze handia izan dute

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 13a, 10:01

Irraitz pilotalekuan puzgarriekin jarritako Gabonetako haur parkean iaz baino haur gehiago ibili da

Ludotekako eta gaztelekuko ekimenetan ere hainbat haur eta gaztetxok hartu dute parte

Udaleko Gazteria sailak Gabonetarako antolatutako ekitaldietan haur eta gazte ugarik hartu dute parte; beraz, emaitzarekin oso gustura daude antolatzaileak. Esaterako, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra Izarraitz pilotalekuan egon den haur parkean iaz baino haur gehiago ibili da.

Gabonetako haurrentzako parkean egunero batez beste 360 haur ibili da aurten; iaz, batez beste 248 ibili zen. Parkean jende gehien abenduaren 29an ibili zen, 428 haur. Haurrentzako parkean jende gutxien ibili zen eguna urtarrilaren 2a izan zen; zehazki 219 haur. Gazteriako arduradunek azaldu dutenez, parkearen inguruan egin duten balorazio orokorra "ona" da. "Gabon garaian horrelako aukera bat eskaintzea asko eskertzen dute gurasoek", azaldu dute Gazteriatik.

Gabonetako oporraldian, ludoteketan eta gaztelekuan ere hainbat ekimen izan dituzte. Ludotekako programazioan guztira 118 haurrek hartu dute parte. Gaztelekuan, berriz, ekitaldiz ekitaldi eman dute izena gaztetxoek. Jende gehien izan duen ekimena Gabonetako sukaldaritza ikastaroa izan da, 53 nerabek hartu dute parte bertan. Funky ikastaroan 35 lagun ibili dira, eta Bigarren Pala Txapelketan 20 gaztek hartu dute parte.