Emakumeentzat lasterketa saioak antolatu ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 11a, 10:01
16 urtetik gorako emakumeei zuzendutako kirol ekimena da.

Laugarren urtez ekimena martxan jarri dute eta urtarrilaren 21ean hasiko da

Seguruenik "eredu hau jarraituz" antolatuko duten azkeneko urtea izango dela adierazi dute Kirol Sailetik

Azpeitiko Udal Kirol Sailak orain dela lau urte emakumeei zuzendutako kirol ekimen berria jarri zuen martxan: Zuk ere ahal duzu!Etorri lasterka egitera. Aurten ere laugarren urtez ekimena martxan jartzea erabaki dute, urtarrilaren 21ean hasita.

Lasterka saioetan 16 urtetik gorako emakumeek hartu dezakete parte. Hilaren 21etik aurrera asteartetan eta ostegunetan egingo dituzte jardunaldiak, igerilekuan elkartuta. Bi talde antolatuko dituzte, goizetakoa 10:00etatik 11:15era bitartean jarduteko asmoarekin bilduko da eta arratsaldetakoa, berriz, 18:15etik 19:30era artean aritzeko. Saioak doan izango dira eta izena igerilekuan edota Kirol Sailaren bulegoan eman daiteke.

Bilera, hilaren 14an

Lasterkako lehen saioa hasi aurretik, ekimenaren berri emateko bilera bat ere deitu du Udalak. Bilera, hilaren 14an izango da, igerilekuan. Goizeko taldearen bileraren hitzordua 10:00etan jarri dute eta arratsaldekoarena 18:15ean.

Ekimena martxan jarri zutenetik gaur egunera arteko egiten duten balorazioa positiboa da eta egitasmoak dituen helburuak bete direla gaineratu dute. Udal Kirol sailekoek diotenez, "ekimen hau martxan jarri zenetik, emakume ugarik egunero kirola egiteko ohitura hartu dute. Egitasmoaren ibilbidea oso baikorra izan da".

Ziklo baten bukaera

Aurten berriro antolatu dute ekimena, baina "ziklo bat bukatzear" dagoelakoan eta azkenekoa izango delakoan daude Udaleko Kiroletako arduradunak. "Lau urte hauetan martxan egon den programak bere bizitzaren ziklo bat osatu duela esan dezakegu, eta seguruenik hau izango da Kirol sailak horrelako ekimena antolatzen duen azken urtea, gaur egungo ereduan behintzat". Hala ere, aurretik egitasmoan parte hartu duten emakumeak edota zalantzan daudenak martxan jarriko dituzten saioetan parte hartzera animatu dituzte.