Bertan behera gelditu da igande honetan egitekoa zen Ikasberri Krosa, eguraldiagatik

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 9a, 16:01

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteburuko kanpo libreko kirol ekitaldi guztiak bertan behera utzi ditu

Gaur (larunbata) goizean 25 lagunek kroserako ibilbide guztia antolatu dute Goenako kanpan, eta gero jakin dute lasterketa ez dela izango; ez dago data berririk, oraingoz

Ikasberri Kirol Elkarteko arduradunek gaur (larunbata) eguerdian adierazi dutenez, biharko antolatuta zuten Ikasberri Kirol Elkartearen XII. Krosa bertan behera gelditu da. "Eguraldiagatik, kanpo librean egitekoak diren kirol jardunaldiak bertan behera uzteko erabakia hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta horregatik krosa ere ez da egingo", esan dute kirol elkartekoek.

Dagoeneko Azpeitiko Goenako kanpan kroseko ibilbide guztia markatuta zuten Ikasberri Kirol Elkartekoek. "Gaur goizean 25 lagunek lanean jardun dugu ibilbidea markatzen. Baina bihar goizean berriro dena desmontatu beharko dugu", gaineratu dute.

Krosa noiz egingo duten ez dute zehaztu; "egutegia begiratu beharko dugu eta erabakitzen dugunean data berria jakinaraziko dugu".