Angel Azkue: "Kantatzen ikasten joan ahala, orduan eta imitaezinagoa dela iruditzen zait"

Berria 2010ko urt. 8a, 12:01

Berria egunkariak elkarrizketa egin dio Elvisavuelo taldeko abeslariari

"Elvisen alderik kutreena da ezezagunena, berak ere gustuko ez zuena"

Bizitza osoa pasatu du Angel Azkuek Elvisen kantak abesten. Makina bat aldiz aditua du haren diskografia, eta ezin ukatu kantariaren bizitzan aditua dela. Urte batzuk baino ez daramatza, ordea, Elsvisavuelo taldearekin Elvisen kantak jendaurrean abesten. Haren kantaera gero eta gehiago aztertu, eta hura gero eta gehiago ezagutu ahala, orduan eta handiago zaio Elvis.

Zer da gaur egun Elvis Presleyz gelditzen dena?

Bastante. Haren diskografia osoa. Haren inguruan sortutako mito eta kondaira. Musikari eginzion ekarpen ikaragarria. Elvisen irudi tipikoa ere gelditzen da, bestalde. 56ko Elvisen bideoa dago, batetik, txuri-beltzekoa eta gazte zenekoa, eta 76ko Elvis potoloarena, bestetik. Hala esaten zidan aurrekoan taldeko piano jotzaileak: "Oso ezaguna da Elvis, baina baita ezezaguna ere".

Eta zein da alderik ezezagunena?

Haren alderik kutreena da ezezagunena, berak ere gustuko ez zuena. Film eta bideoetakoa. Bere musika sortzeko musika mota ezberdin askotara jo zuela da, agian, Elvisen alderik ezezagunena. Gospela, bluesa, countrya... horiek denak bere egin zituen, baina jendeak haren hamar kantarik ezagunenak baino ez ditu ezagutzen. Hobeak izan daitezkeen kanta franko ere baditu.

Hamar kanta baino baten bat gehiago utzi zituen, behintzat.

.800. Ez dago argi, guztira, 792 edo 794 utzi zituen, zehazki, baina 800 kanta inguruan, betiere.

Zuk zeuk zer hartuko zenuke Elvisengandik?

Dena... Batez ere... ez dakit... dena. Emaztea ere Elvis zalea dut, eta Memphisera egin genuen elkarrekin ezkon bidaia. Tupelora ere joan ginen non jaio zen ikustera. Ni, halere, haren ahotsaren kalitateak txunditzen nau. Ez zuen ikasketa musikalik, baina musikari aparta izan zen. Nik 45 urte ditut orain, eta 43 urterekin hasi nintzen Elvisavuelo taldearekin. Bizitza osoa neraman Elvisen kantak abesten, baina inoiz ez nintzen ausartu halakorik egitera ordura arte. Bada urtebete kanta eskoletara ere joaten hasi naizela,gainera, eta ikasiz joan ahala, gero eta imitaezinagoa dela iruditzen zait. Ikaragarria da If I can dream abestia nola kantatzen duen, adibidez.