Indarraren eta kemenaren lekuko

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 7a, 11:01

Kirol egokituaren inguruko argazki erakusketa zabalduko dute bihar, Betharram aretoan

Ezinduek kirolean egiten duten lana ezagutzeko aukera izango da

Kirolak berezkoak baldin baditu indarra, kemena eta norberaren mugak gainditzeko adorea, kirola egiten duten elbarrituen kasuan are gehiago nabarmentzen dira ezaugarri hauek. Eta, horren lekuko da bihartik aurrera Betharram aretoan ikusgai izango den argazki bilduma.

'Indarretik kemenera, De la fuerza fĂ­sica a la moral' izeneko argazki erakusketak Behobia- Donostiako elbarrituen lasterketaren inguruko irudiak biltzen ditu. Kemen Elbarrituen Kirol Elkarteak antolatu du erakusketa, Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.

Kirol argazkien erakusketa berria urtarrilaren 18ra arte egongo da ikusgai, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta, larunbatetan eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Gizartearentzat eredu

Pertsona ezinduen talde handi samar batek 80.hamarkadan erabaki zuen ez zuela etxean sartuta gelditu nahi; lanaren, hezkuntzaren eta kirolaren munduan sartu nahi zuten. Lagun horiei esker jaio zen 1983. urtean atleta ezinduentzako Behobia-Donostia lasterketa.

Kemen elkarteko kirolariek Indar Elbarrien Kirol Klubekoak ordezkatu zituzten garai hartan eta, urteotan lortutako eskarmentuarekin egiaztatu ahal izan zuten errehabilitazioko, mantenimenduko, aisiko eta lehiaketako hainbat kirol modalitatetako praktikari esker pertsonen egoera fisikoa zein burukoa hobetzea lortzen zela.

Pertsona ezinduek gizartearen jarduera normalizatuan sartzeko duten beharra adierazteko ere balio izan dute orain arte egindako 25 lasterketek.

Gainera, kirol proba hauei esker, kirol egokitua egon badagoela eta pertsona ezinduek berau egin, beronetaz goza eta beronekin lehia dezaketela erakutsi dute.