Jaurlaritzak araudia aldatuko du EAEn zezenketak egiten jarraitzea bermatzeko

Uztarria.eus 2010ko urt. 5a, 17:01

Azpeitikoarekin batera, gutxienez 26 herri badira Euskal Herrian zezen-plaza dutenak

Katalunian zezenketak debekatzeko eskatu duen ekimen legegilea erreferentea izan daitekeela diote zezenketen aurkakoek

Eusko Jaurlaritza Zezenketen Araudia berritzen ari da. Katalunian aurrera egin du zezenketak debekatzeko eskatzen duen herritarren ekimen legegileak, baina itxura guztien arabera, Eusko Jaurlaritzak bestelako asmoak ditu gurerako. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak adierazi duenez, “Euskadin zezenketak egiten jarraitzea ahalbidetuko du legeak, oso sustraituta baitaude euskal gizartearen parte batean”.

Azpeitikoaren batera, gutxienez 26 herri badira Euskal Herrian zezen-plaza dutenak, eta joan den urtean 44 zezenketa egin ziren Hego Euskal Herrian. Azpeitian, gainera, sokamuturrerako afizio handia ere badago.

2008ko azaroan berritu zuen Jaurlaritzak araudi hori, baina "zorrotzegia" zela eta, dezenteko eztabaida eragin zuen zezenzaleen artean, eta zezenketa antolatzaileen elkarteak helegitea jarri zion erreformari EAEko Auzitegi Nagusian. Bere garaian, Udaleko Festa Batzordea eta Zezen Beltz elkartea ere araudiak ezartzen zituen neurriekin kezkatuta agertu ziren. PSE-EEko gobernuak araudia indargabetu zuen iragan ekainean, eta Aresek iragarri zuen “ezadostasunak zituzten puntuak” aldatuko zirela zezenzaleekin adostuta. “Kataluniako eztabaida ez da hemen izaten ari dena”, ohartarazi zuen Aresek abenduaren 17an.

Kontrakoen irakurketa

Zezenketen kontrakoen artean, ordea, itxaropena piztu du Kataluniako ekimenak. Hala ere, jakitun dira Katalunia eta Euskal Herria ez daudela egoera berdinean zezenketen aurkako borondatean. Zezenketen aurkako mugimendua indartu arren, zail ikusten dute antzeko ekimenik Eusko Legebiltzarrera heltzea: "Katalunian duela hamabost urte zegoen bezala dago hemen mugimendua gaur egun" azaldu du PACMA Animalien tratu txarren eta zezenketen aurkako taldeko kide den Lorea Burgesek. Horren seinale, datu bat: Kataluniako 70 udalerrik jo dute beren burua zezenketen abolizionistatzat; Euskal Herrian, aldiz, bakarrak egin du hori, Sopelak (Bizkaia).

Informazio gehiago Berria.info-n.