Urrestillako historia, ohiturak eta kontuak jasotzen dituen liburua aurkeztu dute

Uztarria.eus 2010ko urt. 4a, 19:01
Ezkerretik eskubira, Pako Aristi, Aitor Arruti eta Joxe Urbistondo, liburuaren aurkezpen ekitaldian (UZTARRIA)

Urrestilla, euskal herri baten historia du izenburua eta Aitor Arrutik idatzi du

Urrestillan, Azpeitian eta Azkoitian jarri dute salgai, bost euroren truke

Urrestilla, euskal herri baten historia liburua aurkeztu zuten atzo, igandea, Urrestillako Ibaigain jubilatuen elkartean. Aitor Arruti irakasle eta filologoak (Uztarriaren kolaboratzaile izandakoa) idatzi du 155 orrialdeko lana, Urrestillaren historiaren pasarteak, pertsonaiak, ohiturak edota kultura eta ekonomia datuak jasota. Azpeitiko Udalaren diru-laguntzarekin argitaratua, liburua Urrestillako denda eta tabernetan, Azpeitiko Iratzar liburudendan eta Azkoitiko Hizki-n eros daiteke, bost euroren truke. 500 ale atera dituzte.

Herritarren ekimena

Atzo aurkeztutakoa "urrestildar batek bere herriari egindako maitasun aitorpen bat da" Pako Aristiren hitzetan, "Urrestillako etxe guztietan egon beharreko liburua; ondo, gozo idatzitakoa, eta datu bilketa izugarria" jasotzen duena. Aristi berak, Arrutik eta beste zenbaitek orain dela hamarren bat urte abian jarritako ekimenaren bigarren fruitua da Urrestilla, euskal herri baten historia. Lehenengoa Urrestillako musika altxorra CDa izan zen, 2003an argitaratutakoa. Disko haren aurkezpenean aipatu zuten bezala, "urrestildarren aberastasuna" plazaratzeko ahaleginetan dabiltza. Beste proiektu bat ere badute garapen bidean: Urrestillako kirolariei eskaini nahi dieten liburua.

Aitor Arrutiren liburuan jasota dagoenez, Urrestillaren herri izaera eta urrestildarren herritartasun sentipenak aspalditik datozen kontuak dira. Urrestillak udala ere izan zuen bere garaian, epe luzez izan ez arren. Gaur egun ez dauka baina, Pako Aristik atzo nabarmendu zuenez, udalik ez duten herri txikietan "jendeak lan, borroka eta ekimen gehiago egiten ditu; elkartasun bat sortzen du udalaren faltak".

Galderak eta erantzunak

Arrutik liburuaren hitzaurrean eta atzoko aurkezpen jendetsuan aipatu bezala, Urrestillari buruz han eta hemen eta batek eta besteak idatzitako hainbat lanetatik abiatuta osatu du lana. Lehen aldiz, ordea, "urrestildar baten ikuspegitik" kontatuta datorkigu Urrestillari dagokion historia.

Argazkiz ere ondo hornitutako liburua da. Joxe Urbistondok osatutako bildumakoak dira asko, eta zaharrenen artean Gipuzkoako Foru Aldundiaren artxibotik ateratakoak ere badaude. Liburuaren azala, berriz, Joxe Ramon Aristi urrestildarrarena da.

Karmele Jaio idazlearen hitzak hartu zituen atzo Aitor Arrutik plazaratu berri duen lanaren iturriak azaltzeko: "Idazle batek erantzun formako galderak eta galdera formako erantzunak eskaini behar ditu". Horrelaxe, bere buruari galderak eginez eta galdera horien erantzunak aurkitu nahian hasi zuen lana Arrutik orain dela bost urte.

Galdera horietako batzuk aspalditik zeuden bere buruan, txikitan aitarekin Endaizura egiten zituen ibilaldietatik. Aitak "ipuin eta historia asko" kontatzen zizkiola ekarri zuen gogora, eta horien artean Urrestillako aspaldiko kontuei buruzkoak: "Zer ote benetakoa, zer asmatutakoa?". Urrestillaren historia norbaitek jaso beharko lukeela otu zitzaion beranduago, eta berak egitea erabaki, azkenean. Liburuaren aurkezpenean, esker oneko hitzak izan zituen lana aurrera ateratzen lagundu diotenentzat, tartean mahaian berarekin egon ziren Pako Aristi eta Joxe Urbistondorentzat, eta diruz lagundu duen Azpeitiko Udalaren ordezkarientzat.

Joxe Urbistondok Urrestillako historiaren pasarte esanguratsuenen aipamenaren atarian esan zuen bezala, "memoriarik ez duten herriek gauza gutxi dute; oso garrantzitsua da liburu hau urrestiltartasun sentipenari eusteko".