Urtarrilaren 15ean egingo dute Etxebeltz-Izarra eremuko etxeen bigarren zozketa

Uztarria.eus | Politika
2009ko abe. 31a, 11:12

Zozketa Izarraitz pilotalekuan egingo dute 18:00etatik aurrera

Babes ofizialeko 54 etxe gelditzen dira zozketatzeko

Azken ordukoa: zozketan sartuko direnen izenen behin betiko zerrenda atera dute. Ikusi Udalaren webgunean

Atzoko plenoaren ondoren jakinarazi zuten Etxebeltz-Izarra eremuko babes ofizialeko etxeen bigarren zozketa urtarrilaren 15ean egingo dutela. 54 etxe falta dira zozketatzeko eta zozketa horretan parte hartuko dutenen behin betiko zerrenda datorren astean jarriko dute udaletxeko sarreran. Zozketarako zenbakia etxera bidaliko zaie zerrendan dauden guztiei.

Urtarrilaren 15ean, ostiralean, egingo den zozketa Izarraitz pilotalekuan izango da 18:00etatik aurrera, baina 17:00an notarioaren aurrean sartuko dituzte zenbaki guztiak zozketa-kutxan.

Aramaioko mozioa

2007an, Abiadura Handiko Trenaren inguruko herri galdeketa egin zen Aramaion. Nahiz eta lehenengo saiakeran Estatuko Abokatutzak eta Arabako Audientzia Probintzialak herri kontsulta debekatu zuten, bigarrengoan egin egin zen herritarren ekimenez. Hori dela eta, Aramaioko alkateari bederatzi urteko inhabilitazioa eskatzen dio Arabako Audientzia Probintzialeko fiskalak.

Egoera horren aurrean, atzo egin zen Azpeitiko ez-ohiko udal batzarrean Aramaioko udalak bere garaian onartu zuen mozioa bozkatu zuten. Mozioa aurrera atera zen hautetsi independentisten, EAren eta Aralarren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu egin zen.

Nahiz eta, "gehiegikeria" iruditu eta Fiskalari Aramaioko alkatearen aurkako eskaera erretiratzeko eskatu, EAJk zenbait puntu "garbi utzi" nahi izan zituen: batetik, "udal gaineko azpiegituren erabakimena, legez horrela erabakita, udal gaineko beste erakundeetan" dagoela eta hauek ere, "herriak" erabakitakoak direla nabarmendu dute EAJren ordezkariek; bestetik, AHTaren aurkako erasoak salatu zituzten jeltzaleek eta "Inaxio Uriaren hilketa": gogora ekarri zuten. Gainerako udal taldeek AHTaren eztabaida atzo aurkeztutako mozioarekin lotzea leporatu zioten EAJri.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu