Etxebeltz-Izarrarako akordioa lortzeko "diskrezioz jokatzea beharrezkoa" dela dio ezker abertzaleak

Uztarria.eus | Hirigintza
2009ko abe. 30a, 20:12

Irailetik hona izandako gorabeheren balorazioa egin dute komunikabideen aurrean

Momentu honetan Udalaren eta eraikuntza enpresen artean "akordio bat jorratzeko baldintza minimoak" daudela uste dute.

Azpeitiko ezker abertzalearen ordezkariak, gaur Sindikatu Zaharrean egin duten agerraldian (UZTARRIA)  Argazki originala

Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen auzian "datozen egunetan aurrerapauso batzuk ematea" espero du Azpeitiko ezker abertzaleak. Gaur, abenduak 30, komunikabideen aurrean agerraldia egin dute ezker abertzaleko ordezkariek. Joan den irailetik hona Etxebeltz-Izarra auzian izandako gorabeherak eta emandako pausoak izan dituzte hizpide.

IƱaki Errazkin zinegotziak esan duenez, "Udalaren posizioa idatziz pasatu zaie promotoreei azken egun hauetan" eta orain Udalean eraikuntza enpresen erantzunaren zain daude. Irailean eraikuntza enpresek udal hitzarmena hautsi nahi zutela adieraziz Udalera igorri zuten idatzian jasotako eskaera batzuk harrezkero "albo batera" utzi dituztela esan dute gaur ezker abertzalekoek eta, ondorioz, "momentu hauetan akordio bat jorratzeko baldintza minimoak daudela" uste dute.

Gauzak horrela, "diskrezioz jokatzea beharrezkoa" dela deritzo ezker abertzaleak. Ez dute uste "eztabaida publiko bat" egiteko garaia denik, "gaiak daukan garrantziagatik", eta horrexegatik, arazoaren "irakurketa politiko sakona" egiteko momentua ez dela ere esan dute.

Ezker abertzalearen agerraldia, puntuz puntu

Hauxe da Azpeitiko ezker abertzalearen ordezkariek gaur arratsaldean prentsaurrekoan esandakoaren puntuz puntuko azalpena:

  • "Irailean, promotoreek obrak geratzen dituzte. Egun horretan bertan idatzi bat aurkezten dute udaletxean hainbat eskakizun eginez.Idatzi honetan hitzarmen berri bat eskatzen dute. Hitzarmen berri horretan babestutako etxeen prezioak igotzea, kalte-ordainak jasotzea... eskatzen dituzte. Gainera, beraiekin egindako bileran BOEtan egin beharreko kontratuak sinatzera ukatzen dira.
  • Ezker abertzaleak hartutako iniziatibaren ondorio Udalak pleno bidez eta aho batez bere garaian bi aldeek adostutako hitzarmena errespetatzeko eta obrak berriro martxan jartzeko exigentzia egiten du.
  • Etxe jabeak mugitzen dira eta manifestazio baterako deialdia egiten dute, Txantaiarik ez, obrak jarri martxan lelopean.
  • Beraiekin izandako beste bilera batean [ promotoreak ] beraien eskakizunak aldatzen hasten dira. Beste eskaera batzuk egiten hasten dira, oraindik onartezinak direnak (diru publikoaren erabilera...).
  • Obrak geldirik eta eskaerak onartezinak izaten jarraitzen duten denbora berdinean, EAJk negoziaziorako prestutasuna erakusten du publikoki, alkateak egindako adierazpen baten bidez. Gogoratu behar da plenoan aho batez obrak inongo ordainik gabe eta hitzarmena bere horretan betetzea eskatzen zela. Adierazpen hauek obrak geldirik egotearen mehatxua bere horretan dagoenean egiten dira. Udalak eduki behar duen tinkotasunerako ez du laguntzen jarrera honek.
  • Egoera horretan, obrak geldirik izanik eta onartu ezinezko eskaerak mahai gainean zeudenez, eta nahiz eta EAJren jarrera ahula izan promotoreekiko, Ezker Abertzaleak baloratzen du ez dela baldintzarik ematen akordio batera iristeko. Plenoan aho batez onartutako erabakiari tinkotasunez eusteko apustua egiten dugu. EAJren jarrera ahula udalean gutxiengoan egonik jokaldi hau neutralizatuta geratzen da.
  • Abendu erdi aldera, obrak berriro martxan jarriko dituztela adierazten digute eta negoziazio bat alderdi guztiekin egin nahi dutela adierazi. BOEn prezioak, etxeen kalitatea eta diru publikoaren eskaerak albo batera uzten dituzte eta beste eskakizun batzuetaz hitz egiten hasten gara.
  • Hainbat puntu jartzen dira mahai gainean beraien aldetik eta Udalean alderdi politiko guztiak hauen inguruko posizio bat hartu dugu EAJren desadostasun batzuk baldin badaude ere.
  • Udalaren posizioa idatziz pasa zaie promotoreei hauen erantzunaren zain. Puntu hauek eztabaidagai izanik, momentu hauetan akordio bat jorratzeko baldintza minimoak daudela uste dugu (obrak inongo ordainik gabe martxan jartzea eta eztabaidagai dauden puntu hauetatik BOEn prezioak, kalte-ordainak, etxeen kalitateak, diru publikoaren kalteak, hori dena alboratua izatea). Ondorioz diskrezioz jokatzea beharrezkoa ikusten dugu eta ez dugu uste akordio bat erdiesteko garaiotan eztabaida publiko bat egin behar dugunik gaiak daukan garrantziagatik. Arrazoi berdinagatik ere ez dugu uste momentua denik arazo honen irakurketa politiko sakona egiteko.
  • Urrats garrantzitsuak eman badira ere horrek ez du esan nahi gatazka konpondu denik. Oraindik ere adostasunetara iritsi behar gara. Akordioetara iristeko herri interesak eta arazo honi behin betiko irtenbidea ematea izango dira orain arte bezala ezker abertzalearen iparra".
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu