Xabier Azkargorta: "Bizitzen erakusteak jokatzen erakusteak baino askoz errendimendu hobea dakar"

Argia | Kirolak
2009ko abe. 29a, 18:12

Argia astekariak elkarrizketa egin dio futbol entrenatzaileari

"Futbola talde kirola den heinean, heziketa bide oso emankorra iruditzen zait edozein gaztetxorentzat"

Ordubetean hiru kafe edan arren lasai hitz egiten duten pertsonak badaudelako.

Zer pasatzen zaio burutik lehen mailan debutatu berri duen gazte bati, belauna txikitu eta futbola utzi behar duela esaten diotenean?

Denetik eta ezer ez. Oso gogorra da ordura arteko ametsei uko egin behar izatea. Baina era berean, jabetzen zara futbola ez dela jokatzea bakarrik, badituela beste arlo batzuk, eta zure bizitza futbolik gabe irudikatzen ez duzunez, horietako batean murgiltzea erabakitzen duzu. Bizimoduak aurrera jarraitzen du beti, eta bertatik botatzen zaituzten arte, ezin duzu trenetik jaitsi.

Egun, idolatriaren idolatriaz, ematen du jokalari batzuen faltan ezingo garela bizi.

Denak egiten duelako zarata gehiago. Harrituta geratzen naiz ñimiñokeri batek aldizkari eta egunkari guztiak astebetean nola betetzen dituen ikusita. Nire futbol filosofia “nola bizi, hala jokatu” lemarekin laburbildu izan dut, baina futbolak heziketaren ispilutik alde egin ezin duen heinean, hori baino askoz gehiago da. Ni entrenatzaile hasi nintzenean, atzetik bi telebista izaten genituen gehienez, eta egungo lehen mailako mister-ek dozenatik gora dauzkate. Horrek huskeria oro hamabi aldiz errepikatzen dela esan nahi du, oihartzuna hamabi aldiz biderkatzen dela, eta heziketaren ispiluan zure burua ikusten segi ahal izateko oso argi eta kontsekuente agertu behar zarela beti.

Futbolak erakusleihoan jartzen dituen baloreak heziketaren ispilu dira?

Itsutzeko besteko dirdira duten balore horiek ez, baina futbola talde kirola den heinean, heziketa bide oso emankorra iruditzen zait edozein gaztetxorentzat. Futbolean hasi eta edozein ume jabetuko da ezin duela bakarrik bizi, kideak behar dituela laguntzeko, arerioak kontra egiteko, zelaian postua irabazteko taldekideekin ere lehiatu beharko dela, arau batzuk errespetatu behar dituela, arau-hauste bakoitzeko epaileak zigortuko duela, entrenatzaile eta zuzendariei kasu egin behar diela… Futbola gizarte eredu honen miniatura bat da, eta molde horretan hazi eta hezi direnak ez dute oztoporik izaten eguneroko bizimoduan txertatzeko. Arazoa zein den? Alineaziotik alienaziora tarte txikia dagoela, eta buru-egiturak gehiegi estutuz gero, futbol mundutik at galduta ibiltzeko arriskua dagoela. Baina, hala ere, nik aholkatzen dut, futbolak asko erakusten du.

Gaztetxoek, futbolaria ez, Messi edo Cristiano Ronaldo izan nahi dute, ordea.

Izar izan nahi hori ez dago kudeatzerik. Futbolari baten nortasunak hiru geruza dauzka. Nukleoan 'ni'-a dago, bigarren geruzan taldekideak, eta hirugarrenean inguru osoa. Futbolariaren nortasuna ni-tik ingurura badoa ondo goaz, baina ingurutik ni-ra garatzen bada jai daukagu. Egungo gazte askok inguruko geruza horretan baino ez dute futbola bizi nahi, eta agente edo ordezkariak sartu direnetik, oso erraza da hori. Borroka nahi dutenean, agenteari adierazpenak egiteko esan eta kito. Horrek asko zailtzen du entrenatzaileak jokalari bakoitzaren ni-arekin egin dezakeen lana. Baina hor dago arrakastaren gakoa. Jokalari ororen ni intimoa, ni soziala eta ni publikoa garatuz gero, taldekideen geruza berez izango da atsegina, eta ingurua kontu pixka batekin tratatuz aise egingo duzu aurrera.

Baina puntako talde batek fitxatzen duen 12 urteko mutil koxkorrak zer ni klase eduki dezake?

Eraikuntza prozesuan daukana hankaz gora erortzen zaio. Ez ahaztu, batez ere Hego Amerikan eta Afrikan, 12 urteko mutila dela etxera ogia ekartzen duena. Aitari semeari esker eskaintzen diote lana, eta txanponak semeari esker datoz. Kontuz-kontuz ibili ezean, bere nortasuna errotik puskatu dezakeen protagonismoa hartzen du mutil koxkorrak. Zalantza asko ditut praktika horrekin, baina zorionez, gutxi dira oraindik. Askoz gehiago kezkatzen nau, 10 urterekin Realak fitxatzen duen azpeitiarraren kasuak. Taxilaria jarriko diote entrenatzera joateko, txuri-urdinez jokatzen hasiko da, baina auskalo zergatik, handik hiru urtera Lagun Onak-era bidaliko dute bueltan. Mutil horrentzako atzerapauso horrek ez dauka bueltarik, bereak eta bi entzun beharko ditu, eta gutxi dira aurrera jarraituko dutenak. Horregatik diot, talde profesionalek heziketa-arloan gehiago landu behar luketela bakoitzaren ni intimoa, eta entrenatzaileek 4-4-2 eta 4-2-3-1, horiez baino gehiago jakin beharko lukete.

Oso gutxi hitz egiten da frakasoaz.

Jendearentzat ezezaguna da, eta ezezaguna denez, beldurra dio. Horretaz gain, frakasoari lotutako beste gai bat dago, min emateko erabiltzen dela. Ez zaio beldurrik izan behar frakasoari, baina frakaso totala eta frakaso partziala bereizi behar dira. Frakaso partzialen kate bat baita bizitza, erori, irakaspenak atera, eta berriro zutitzea. Inoiz frakasatzen ez duen pertsona bat nekez izango da heldua, eta porrot bat aski izango du, betiko hondoratzeko. Hori da lehen mailako atean askori pasatzen zaiena. Horregatik frakasoaz hitz egin dezakegu, eta hitz egin behar dugu.

Gauza bera da frakasoa Bolivian, Japonian edo Euskal Herrian?

Bai, frakasoaren gune geografiko bakarra zure barrena delako. Pentsa, nik ustez frakasatu dudan leku zenbaitetan, arrakasta lortu dudan beste batzuetan baino lan hobea egin dut. Txilen, esaterako. Bi urteren ostean, azken bi urteak utzita alde egin behar izan nuen handik, baina banekien bi urte horietan jarritako oinarriekin, Txileko futbolak pixka batean gora egingo zuela, eta bai, txiletarrek eta denborak arrazoia eman zidaten. Horregatik ez zait gustatzen frakaso hitzaren erabilera. Har dezagun politika. Negoziazio luze baten ondoren haustura datorrenean denek hitz egiten dute frakasoaz, baina ez, frakaso horri esker helduko da hurrengo negoziaketa arrakastara. Baina jendeak ez du hori ikusi nahi, unean uneko arrakastari so bizi da, eta oihartzunaren atzean zer dagoen ikusteko ahalegin gutxi dago. Futbolari batek zelaira sartzen den momentutik partida bukatu arte zeregin bat daukala dio Menottik, eta nik diot, jaiotzen garenetik hil arte daukagula zeregin bat. Bestela, gaizki ari gara.

Bolivian egin zenuen frakasotik arrakastarakoa. Heriotza mehatxuekin hasi eta ministro izateko eskaerarekin amaitu zenuen.

Has nadin amaieratik. Gailurrean zaudenean alde egin behar duzula uste dut nik. Hala egin nuen Bolivian, eta esango nuke oraindik ere horregatik estimatzen nautela hainbeste. Nahiko argi neukan aldaketarako ordua zela. Mesias bat bihurtu nintzen. Eguneroko albistegian, presidenteak nire zitak erabiltzen zituen, irrati batera joan eta amek euren semea hezteko aholku eske hots egiten zuten… Irudika ezina eta batzuetan jasangaitza zen hura. Ordura arteko bidea ez zen samurragoa izan, ordea. Boliviatik deitu zidatenean, lehen mailako entrenatzailea nintzen Espainian, ondo nenbilen, baina beti pentsatu izan dut entrenatzaile batek bere nortasuna borobiltzeko Hego Amerikako esperientzia ezinbestekoa duela. Gogoan dut amari itsasoa zeharkatzera nindoala esan nionean “misiolari, ala?” erantzun zidala. Baina erronka kitzikagarria zitzaidan eta aurrera egin nuen. Baina, 1992an heldu nintzen ni, espainolen konkistaren V. mendeurrenean, eta horixe nintzen eurentzat, konkistara zetorren beste espainol bat. Horretaz gain, heldu orduko ohartu nintzen, Bolivian futbolaria izatea azkenaren hurrena zela, mozkor, tranpati, zorpetu eta faltsu fama zeukaten denek, eta fama horrekin normala denez, futbolariek kaka baino gutxiago maite zuten euren burua. Fama hori aldatu eta bakoitzaren autoestimua igotzea izan zen gure lanaren funtsa. Horrek eraman ninduen heriotza mehatxutik Andesetako Kondor-aren ohorezko ikurra jasotzera.

Bizi den bezala jokatzen omen da futbolean, baina suposatzen dut desberdin bizi dela Bolivian eta Japonian. Hori nola integratzen du kanpotik datorren batek?

Bertan biziz eta begi-belarriak etengabe irekita edukiz. Boliviara joan eta ikusten duzu ia-ia jateko ere ez daukatela, oso bakartiak direla, autoestimu txikikoak, talde-lanik ez dagoela, puntualtasuna ez dela existitzen. Japonian aldiz, autoestimu ikaragarria daukate, futbolari baten aukera ekonomikoekin zeharo harrotuta bizi dira, izugarrizko errespetua diote heziketa eta hierarkiari, baina beti daude zer egin behar duten nork esango zain. Zuk hori integratzen duzu, eta ohartzen zara japoniar bati 10 km egiteko esan eta “zergatik ez 11?” erantzuten dizula, baloia modu jakin batean 200 aldiz jotzeko agindu eta “zergatik ez 300?” ematen dizula arrapostu, baina taktika lantzen hasi eta uneoro dauzkazula zuri begira zer egin jakin gabe. Bolivian berriz, fisikoki ikaragarri kostatzen zaie, baina taktikoki eta teknikoki berezko gaitasuna daukate, japoniarrak ez bezala futbolarekin jaio direlako. Horretaz gain, egunerokoan oso garrantzitsua den umorea dago. Entrenamenduan, ate aurrean bakar-bakarrik huts egiten duen aurrelariari “holaxe gustatzen zait, arriskua dagoenean baloia kanpora!” esan eta Bolivian tripaz gora lehertzen dira denak, baina Japonian txistea esplikatu arte ez dute barrerik egiten, eta behin esplikatuta, aurrelaria gaitzitu egiten da. Horregatik, hori guztia barneratu arte, hanka puntetan ibili behar duzu beti, errespetuz, galdezka, zer-suma, zer-gerta. Denborak ezer erakutsi badit, bizitzen erakusteak jokatzen erakusteak baino askoz errendimendu hobea dakarrela da. 24 ordu dauzkagu bizitzeko, eta entrenamenduak bi baizik ez ditu irauten. Bi ordu horietan asko erakutsita ere, jokalariak 22 ordu dauzka dena ahanzteko, eta 24 orduko eskema batekin bazabiltza, entrenamenduko bi orenak propinan emango dizkizu. Horretan egiten dugu huts entrenatzaileok.

Zure diskurtsoak ez dauka zerikusirik Florentino Perez-enarekin eta elkarrekin lan egindakoak zarete.

Florentinoren eredua beste bat da, baina oso gizon azkarra da, eta argi eta garbi banatzen ditu arloak. Lehen talderako lehen mailako izarrak baizik ez ditu nahi, baina badaki horretarako oinarri sozial bat behar duela. Formakuntza mailan ere bi eredu daude, lehen mailako futbolariak prestatuko dituena bat, eta mutil koxkorren bitartez Real Madrilen izena mundu guztian zabalduko duena bestea. Zuk kalkulu azkar bat egiten baduzu, Mexikoko gaztetxo batek dozena bat lagun mugitzen ditu inguruan, eta horrek esan nahi du, mutiko hori Real Madrilen eskolara joaten bada 12 real-madrilzale irabazi dituzula, eta hauek Espainiara etorriko direnean, Bernabeura joan eta Cristiano Ronaldoren kamiseta erosiko dutela. Harrigarria da baina futbola denetan dago, hasi parlamentu aberatsenetik azken puntako zoko pobreraino. Lurrikarak daudenean soilik aipatzen diren miseriaz betetako herrixketan ere beti agertzen da Real Madrileko kamisetarekin dagoen umetxo bat, eta orduan pentsatzen duzu, “nola arraio iritsi da kamiseta hori horra?”.

Zer parte du prentsak negozio horretan?

Entrenatzaile batentzat prentsa problema eta soluzioa da. Arrakastara bidean dena haizea alde jartzen izugarri lagundu zaitzake, baina bizkarra ematen badizu ez daukazu zereginik. Azken hamar urteotan asko aldatu da prentsa eta futbolaren arteko harremana. Oraintsu arte, medio batek sinpatia edo antipatia izango zion talde bati, baina orain prentsa negozioaren parte da. Batetik, zure prentsarekin batera nire taldeko kikarak saltzen utziko dizut kioskoan, baina hori ondo portatzen bazara bakarrik. Bestetik, prentsa kontrolatzen duten enpresarioak irudi eta telebista eskubideak kosta ahala kosta erosi nahian dabiltza. Horrek zer dakarren? Behin milioiak inbertitu ostean ezin dutela talde hori gaizki joaten utzi, partidarik irabazi ezean jendea gutxiago kateatuko delako, eta egunetik egunera negozioa pikutara joango delako. Garai batean, egin zenitzakeen bi elkarrizketa jarraian lehian zeuden bi irrati desberdinetan, ez zegoen inolako arazorik. Orain aukeratu beharra daukazu, eta horren arabera tratatuko zaituzte gero. Gaur egun, dena da nirekin ala nire aurka, dena zuria ala beltza, eta ez, gris asko dago bizitzan.

--

Uztarria herri aldizkariak Azkargortari egindako elkarrizketak

Futboleko jendeak badu zeresana eta ezin du futbola bakarrik eskaini (2000ko urtarrila)

Azkargortarekin egun-pasa Mexikon (2005eko azaroa)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu