Elkartasun proiektuak abian izango dira Gabonetan

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 24a, 12:12

Bidezko merkataritzako dendak, janari eta diru bilketa eta erakusketa izango da Azpeitian

Urtarrilaren 5a arte egongo da zabalik bidezko merkataritzako denda

Elkartasun proiektuek toki berezia izaten dute Gabonetan. Azpeitiko Zaparraie taldeak bidezko merkataritzako denda zabalduko du garapen bidean diren herrialdeentzat laguntza biltzeko. Talde honek Azpeitiko udaleko diru laguntza jasotzen du urtero euren proiektuak bideratzeko.

Janari bilketa eta erakusketa

Garapen bidean diren herrialdeetan abian diren zenbait proiektuen erakusketa zabalik da Mixio Taldeak Frontoi Txikiaren ondoan duen lokalean, urtarrilaren 6a bitartean. Gainera, Zaparraie elkarteak bidezko merkataritzako denda zabaldu du bertan. Urtarrilaren 5a arte egongo da zabalik denda.

Azpeitiko Udalak aurten 101.919 euro bideratuko ditu elkartasun proiektuetara. Batetik, azpeitiarrek sustatutako proiektuak diruz laguntzen ditu Udalak; eta bestetik, gertakari puntualetan (lurrikarak, uholdeak...) ematen ditu laguntzak, bestelako erakundeen bitartez.

Janari bilketa ere martxan da egunotan Azpeitian. Eroski eta BM supermerkatuetan ari dira jakiak biltzen, baina nahi duenak Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan ere utzi dizake janaria gaur eta abenduaren 29an, 30ean eta 31n honako ordutegian: 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara (abenduak 31 ezik, bakarrik goizez egingo dute eta). Esne hautsa, kontserbak, zerealak, umeentzako pardelak eta konpresak bilduko dituzte.