Udalak 'Egunkaria'-ren aurkako epaiketa aho batez salatu du

Enekoitz Esnaola ('Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohien eta 'Berria'-koen izenean) | Komunikabideak
2009ko abe. 30a, 20:12

EAJk, hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek onartu dute euskarazko kazetako azpeitiar langile ohien mozioa, gaurko udalbatzarrean

"Adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea urratzeagatik, euskararen aurkako erasoa egiteagatik eta Euskal Herriaren kontrako operazio politikoa burutzeagatik" gaitzetsi du auzia

Egunkaria-ren aurkako prozesua salatu du Azpeitiko Udalak gaur (asteazkena), arratsaldean egindako udalbatzarrean, euskarazko kazetako azpeitiar langile ohien mozioa aho batez onartuta. EAJk, hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek egin dute mozioaren alde.

"Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an euskarazko egunkaria itxita, adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea urratzeagatik, euskararen aurkako erasoa egiteagatik eta Euskal Herriaren kontrako operazio politikoa burutzeagatik" gaitzetsi du Udalak auzia.

Auzitegi Nazionalari auzipetu guztiak baldintzarik gabe libre uzteko eskatu dio, eta haiek itxiera garaian jasandako "atxiloketak, inkomunikazioak, tratu txarrak, torturak, kartzelatzeak eta sakabanaketak" salatu ditu, aldi berean.

Gaurkoarekin, beraz, konpromiso mailan beste pauso bat eman du Udalak. Izan ere, azaroaren 21ean IV. Ardo Dastaketa Egunkaria-ren alde antolatu zuen, abenduaren 15eko elkarretaratzea deitu zuen eta pankartan egon ziren Julian Eizmendi alkatea eta udal taldeak, eta abenduaren 19ko Bilboko manifestaziorako ere dei egin zuen eta hiru autobusen bidaiak ordaindu zituen.

Udalak onartu duen mozioa

“Azpeitiko Udalak Egunkaria auzia-ri buruzko honako mozioa onartu du udalbatzarrean:

Udal honek:

  • Egunkaria-ren aurkako prozesua salatzea: Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an euskarazko egunkaria itxita, adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea urratzeagatik, euskararen aurkako erasoa egiteagatik eta Euskal Herriaren kontrako operazio politikoa burutzeagatik.
  • Egunkaria-ren aurkako epaiketan euskarazko kazetaren kontrako epairik ez emateko exijitzea Auzitegi Nazionalari, auzipetu guztiak baldintzarik gabe libre uzteko, eta Egunkaria-ri eta auzipetu denei kalteordainak ordaintzeko exijitzea.
  • Elkartasuna eta babesa adieraztea auzian hasieratik inputatutako guztiei, eta haiek jasan behar izan dutena salatzea (atxiloketak, inkomunikazioak, tratu txarrak, torturak, kartzelatzeak, sakabanaketak...).
  • Egunkaria-ko azpeitiar langile, laguntzaile, babesle, iragarle eta irakurle izandakoei elkartasuna adieraztea.
  • Egunkaria-ren alde egiteko konpromisoa hartzea.
  • Azpeitiar guztiei dei egitea ekimenetan parte hartzeko eta inplikatzeko”.

---

Azpeitiko ekimenen berri jakiteko: www.uztarria.com/egunkaria-epaiketa

Bidali:  

Erantzunak

IrekiAteak | 2009-12-31 : 01:12

Hipokresia galanta batzuen aldetik.
Ezker abertzaleari erakunde armatu autonomo batek (eta-k) egiten dituen ekintzak gaietzesi ezean boikota egiten diote.
Eta PNVk, nahiz eta itxura denez aitortzen duen herri honetan Egunkariako kazetariak torturatzera ere iritsi direla (zer ez ote diete egingo beste atxilotuei, Martxelori hori egin bazioten...) zergatik dabil PSOErekin normaltasu osoz tratuan?
Zilegia da PSOErekin elkarlana, nahiz eta bere gobernuaren ardurapean eta soldatapean dauden funtzionariek torturatzen dutenean?? Eta ezker abertzalearekin ez da zilegi elkarlana, talde autonomo batek ekintza armatuak burutzen dituelako?
PNV beti moduan, boteretsuei ipurdia miazkatzen.
Bilboko manifa ere debekatu egin dute, faxismo gogorrean bizi garen adierazle. Baina PNVrentzat ez dago oztoporik PSOErekin elkarlanerako. Lau txanponen truke herria saltzen ari dira jaungoikoa eta lege zaharraren alderdikoak, baina beraien gainbera agerikoa da. Izorra daitezela. Geroz eta gutxiago dira.

atsaldez | 2010-01-06 : 13:01

salatu, salatu... udalak ba aldake herriyen egunkarian kasu hau salatzeko ekintzaik eo iteko asmoik?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu