Errenteriako bikote batek irabazi du Dantza Sueltoko Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 23a, 11:12

Nesken artean, dantzari onenaren saria Azpeitiko Dantza Suelto Eskolako Alaia Amubietak jaso du

Parte-hartzaileetan bikote gehienak Azpeitiko dantza sueltoko ikasleak izan ziren

Herenegun, Santo Tomas Egunean, Gazteen IX. Dantza Sueltoko Txapelketa jokatu zen plazan. 22 bikotek hartu zuten parte, eta txapela Errenteriako Aitor eta Uxue Arrietak irabazi zuten. Mutiletan, dantzari onenaren saria ere Aitor Arrieta errenteriarrak jaso zuen. Neska dantzari onenarena, berriz, Alaia Amubieta azpeitiarrak.

Parte-hartzaileetan bikote gehienak Azpeitiko Dantza Suelto Eskolakoak izan ziren, 22tik hamahiru. Txapelik ez zuten eskuratu baina egindako lanarekin gustura gelditu dira, hala dio Dantza Suelto Eskolako irakasle Luis Alberdik: "Pena izan da txapela ez irabaztea, baina lehen sei postuetatik bost eskuratu ditugu eta pozik gaude. Herrian dantza egitea beti ere zailagoa da, jende artean lagunak, senitartekoak... egoten direlako".

Nahiz eta hotz handia egin jende askok jarraitu zuen dantza txapelketa eta oso gustura gelditu dira antolatzaileak.

TXAPELKETAKO LEHEN SAILKATUAK

Irabazleak: Aitor eta Uxue Arrieta (Errenteria).

2.:Maialen Aldalur eta Amets Amubieta (Azpeitia).

3.:Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga (Azpeitia).

4.:Mikel Subinas eta Miren Ibarzabal(Azpeitia).

5.:Aitor Exposito eta Alaia Amubieta (Azpeitia).

6.:Ioritz Galarraga eta Laura Olaizola (Azpeitia).

Dantzarietan mutil onena:Aitor Arrieta (Errenteria).

Dantzarietan neska onena: Alaia Amubieta (Azpeitia).