Jan eta jai, biak bat

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2009ko abe. 21a, 10:12

Santo Tomas Eguna ospatuko da gaur (astelehena) Azpeitian

Txorizo eta taloen otartekoen eta baserritarren postuak ez dira faltako herriko plazan

Jai egun handia ospatuko da gaur (abenduak 21, astelehena) Azpeitian: Santo Tomas Eguna. Jakien artean, ohi bezala, txorizoa eta txistorra izango dira protagonistak. Festarekin bat eginez, jan-edanerako egun aproposa izango da. Herriko hainbat eragilek eta taldek santotomasetako postua jarriko dute herriko plazan; aurten zortzi postu jarriko dituzte. Horietan, otartekoak eta taloak salduko dituzte edariekin batera.

Gaur eguerdi artean santotomasetako festa bete-betean sartuko da herriko plazan. Orduantxe aizkolarien eta harri-jasotzaileen saioa hasiko da, baita bertsolariena ere.

Santo Tomas Eguneko ekitaldiak herriko plazaren inguruan bilduko dira. Azoka plazan, santotomasetako azoka berezia egingo dute. Bertan, baserriko produktuen postuak jarriko dituzte herriko eta inguruetako baserritarrek. Guztira baserriko produktuen 35 postu jarriko dituzte.

Bestelako postuak

Biolurrekoek ere postu bat jarriko dute gaur plazan. Bertan, kontsumo taldeetan parte hartzeko aukera eskainiko dute: "Kontsumo taldeen eta kooperatiben bidez, modu egokian antolatuta, kontsumitzaileen eta baserritarraren artean sortzen den harremanak indar handia hartzen du". Biolurreko kideek postu bat jarriko dute, otarra baten ereduarekin eta oinarrizko otarra horren osagarri izan daitezkeen produktuekin. Bertan, nola funtzionatzen duen azalduko dute, eta taldea osatzen joateko izena eman daiteke. Gero, izena ematen dutenen artean otarra zozkatuko dute.

Plaza Txikian, berriz, Nava Jeevan gobernuz kanpoko taldeak jarriko du postua. Talde honek Inisiako Issa elkarteak zuzentzen dituen umezurtzegiei laguntzeko lan egiten du, eta taldekide batzuk azpeitiarrak dira. Honek dirua bilduko du, bazkidetzak egingo ditu eta beraien artikuluak salduko dituzte. Gainera, Indiako argazki bat eta koadro bat zozkatuko dituzte.

Horrez gainera, Egunkaria-ren kontrako epaiketan auzipetutakoei elkartasuna eta babesa azaltzeko postua ere jarriko dute, Egunkaria-ko langile ohi azpeitiarrek. Han, bonoak eta elastikoak salduko dituzte, besteak beste.

.22 bikote dantza sueltoko txapelketan

Santo Tomas Egunaren baitan, Gazteen Azpeitiko IX. Dantza Sueltoko Txapelketa jokatuko da gaur herriko plazan. 18:00etan hasiko den lehian 22 bikotek hartuko dute parte. Hamar herritatik etorriko dira dantzariak: Azpeitia, Lezo, Villabona, Errenteria, Trapagaran, Portugalete, Arama, Lazkao, Zaldibia eta Oiartzun. Bikote gehienak herrikoak dira, Azpeitiko Dantza Suelto Eskolako 13 bikotek hartuko dute parte.

Aurten, heldurik ez da izango dantza sueltoko txapelketan. Luis Alberdi antolatzaileak dioenez, lehian dabiltzan bikote helduak gutxi dira eta horregatik gaztetxoekin bakarrik antolatu dute lehia.

Dantzariek gaurko txapelketan egin beharreko lana hau da: Fandangoa dantzatu beharko dute txistulariekin eta Arin-arina trikitilariekin. Izarraitz Txistulari Elkarteko txistulariek joko dute eta trikitia Izer eta Lutxurdiok. Epaimahaia, berriz, Euskal Dantzarien Biltzarrekoek osatuko dute.

Txapelketan lehen bost postuetan gelditzen diren bikoteek garaikurra jasoko dute. Baina, beste sari batzuk ere banatuko dituzte: bikote gazteenari saria emango diote, biharko kasuan Maider Arrieta eta Unai Odriozola azpeitiarrak jasoko dute sari hori. Bestetik, aurten aurreneko aldiz, neska onenari eta mutil onenari sariak emango dizkiete. Eta, parte-hartzaile guztien artean afariak ere zozkatuko dituzte, "euren familiekin joateko": Ongi Etorri, Kiruri eta AƱota jatetxeetan seina lagunentzako afariak eta Uranga jatetxean lau lagunentzako afaria.

Azken urteetan, Santotomasetako txapelketan aurrena egin dutenak Azpeititik kanpokoak izan dira. Baina, aurten lehen saria herrian gelditzea nahi dute antolatzaileek. "Herritik kanpo hainbat lehiaketa irabazten ari gara eta ea herrian ere txapela lortzen dugun", dio Alberdik.

Hil honen hasieran Mikel Subinas eta Miren Ibarzabal azpeitiarrek irabazi zuten Orioko dantza sueltoko txapelketa, eta Amets Amubieta eta Maialen Aldalur herritarrak izan ziren txapeldunak Hernanin.

Postuak

Txistorra otartekoak eta taloak salduko dituztenak

Herriko plazan egongo dira txistorraren otartekoak eta taloak salduko dituzten postuak:

Ikasberri Azpeitiko Ikastola.

Urola Ikastola.

Zaraparraie Aisialdi Taldea.

Baigera Elkartea.

Itsasi Dantza Taldea.

Iraurgi Ikastetxea.

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimendua.

Alcer Elkartea.

Baserriko produktuen salmentako postuak

Azoka plazan, baserriko produktuak erosteko aukera egongo da. Barazkien, fruituen, gazten, eztien, belar eta ukenduen, ogi eta gozokien postuak eta Biolurren postua.

Bestelako postuak

Nava Jeevan taldearen postua.

Kilometroetako postua.

Egunkaria-ren aldekoa.

Egitaraua ikusteko klikatu hemen.