Etxebeltz-Izarrako BOEtako lanak berriro martxan jarri dituzte eraikuntza enpresek

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 21a, 10:12

Eremu horretako arazoari irtenbide "egokiena" emateko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute

Irailaz geroztik geldirik zeuden lanak, lur eremu horietako sustatzaile diren Amenabar eta Altuna y Uria eraikuntza enpresek hala erabakita

Etxebeltz-Izarra eremuan eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) lanak berriro hasi dituzte. Irailaz geroztik geldirik zeuden lanak, lur eremu horietako sustatzaile diren Amenabar eta Altuna y Uria eraikuntza enpresek hartutako erabaki hori hartu baitzuten. Baina, atzo, prentsa ohar bidez Julian Eizmendi alkateak jakinarazi zuen, "eraikuntza enpresek BOEen lanei berriz ekin" dietela. Hilaren 23ra arte jardungo dute etxebizitzak eraikitzeko lanean, orduan langileek Gabonetako oporrak hartuko dituzte.

Etxebeltz-Izarra eremuan babes ofizialeko 208 etxebizitza eraikiko dituzte, eta horiez gain etxebizitza pribatuak ere eraikitzen ari dira. 208 BOEtatik 154 dagoeneko zozkatuta daude; 2008ko apirilaren 4an zozkatu zituzten. Zozkatzeko falta diren gainontzeko 54 BOEen zozketa martxan jartzeko erabakia ere hartuta du Udalak. Hil honen hasieran, Julian Eizmendi alkateak esan zuenez, gainontzeko 54 BOEak datozen hilabeteetan zozkatuko dituzte. Eta, ez horiek bakarrik, baita babestutako etxebizitzak diren Koartelekoak (Julian Elorza hiribidea), Enparan kalekoak eta Nuarbekoak ere.

Alkateak atzo ateratako idatzian azaldu zuenez, Etxebeltz-Izarrako lanak azken asteetan geldirik egon badira ere, eremu horretako eraikuntza enpresak eta Udaleko Hirigintza Batzordea "hitz egiten ari dira auziari aterabide bat eman nahian. Denen aldetik jarrera ona dagoela ikusita, eraikuntza enpresek etxebizitzak eraikitzeko lanak berriro hasi dituzte".

Adostasunerako konpromisoa

Horrez gain, arazoari "irtenbide egokiena" emateko lanean jarraitzeko asmoa ere azaldu dute: "Datorren urtarrilaren erdialderako adostasunera iristeko ahalegina egiteko konpromisoa hartu dute".

Leku Eder SA etxegintzako enpresak Azpeitiko Arau Ordezkatzaileen kontra hainbat errekurtso du jarrita, eta aldeko ebazpenak lortu ditu. Iazko abenduaren 19an EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenaren arabera, Etxebeltz-Izarra, Alde Zaharra, Soreasu eta Julian Elorzari dagokien arau ordezkatzaileen aldaketa baliogabetuta gelditu zen.

Baina, joan den uztailean Udalak herriko hirigintza arautzen duen Plan Orokor berria egitea onartu zuen, babes ofizialeko etxebizitzen auziari irtenbidea emateko. Irailean, ordea, Etxebeltz-Izarra eremuko sustatzaileek Udalarekin eremu horri buruz eginda zuten hitzarmena bertan behera utzi eta BOEn lanak gelditu egingo zituztela adierazi zuten. Orduz geroztik orain arte, Etxebeltz Izarrako babes ofizialeko etxeen lanak etenda egon dira.