Altuna y Uria enpresak jasoko du 2009ko Sabino Arana sarietako bat

Uztarria.eus 2009ko abe. 18a, 18:12

"Euskadiko azpiegitura txiki zein handietan eman duen laguntzagatik eta berorietan izan duen inplikazioagatik" sarituko du Sabino Arana Fundazioak

Juan Jose Ibarretxe, Reala, arrantzaleak, Manuel Elkin Patarroyo eta Inma Shara dira beste sarituak

Altuna y Uria Azpeitiko eraikuntza enpresak jasoko du 2009ko Sabino Arana sarietako bat. Sabino Arana Fundazioak ematen ditu urtero sariok eta gaur jakinarazi dituzte XXI. edizioan saridun izango direnen izenak.

"Gure herriaren aurrerapenarekiko eta garapen ekonomikoarekiko konpromisoa aintzatestea" da, Sabino Arana Fundaziotik zabaldu dutenez, Altuna y Uriari egokitu zaion sariaren funtsa. "Euskadiko azpiegitura txiki zein handietan eman duen laguntzagatik eta berorietan izan duen inplikazioagatik" sarituko dute Azpeitiko enpresa, "hain zuzen ere, herri honi modernotasuna, aberastasuna eta enplegua ekarri dizkioten azpiegiturak". Sari emaileek bereziki nabarmendu nahi izan dute, ordea, Altuna y Uriak "Abiadura Handiko Trenerako obretan duen parte-hartzea, gure etorkizuneko garapenerako funtsezkoa den azpiegitura batean, alegia".

Altuna y Uriarekin batera, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Reala, euskal arrantzaleak, Manuel Elkin Patarroyo zientzialaria eta Inma Shara orkestra zuzendaria ere sarituko ditu aurten Sabino Arana Fundazioak. Sari banaketa ekitaldia datorren urtarrilaren 31n egingo dute, Bilboko Arriaga antzokian.