Auzmendi: "Oso beharrezkoa da larunbat honetako manifestazioa"

Uztarria.eus 2009ko abe. 18a, 14:12

Egunkaria zer zen azaldu eta torturak salatu dituzte auzipetuek

Gabonetan epaiketak etena egingo du eta "indarberritzeko baliagarria" izango zaiolakoan dago Txema Auzmendi

Txema Auzmendi Egunkaria auzian auziperatuetako bat Loiolan izango da beren aurkako epaiketak iraungo duen bitartean. Aste honetan, astearte eta asteazkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalean izan da deklaratzen. Handik bueltan, Loiolara itzuli da, baina bihar, abenduak 19, Bilboko manifestaziora joango da,"oso garrantzitsua" baita auzipetuentzat. "Garrantzitsua bezain beharrezkoa".

Nahiz eta epaiketa "ondo" hasi dela uste duten, "gaizki" bukatu daiteke, eta horregatik da hain garrantzitsua biharko manifestazioa. Azken batean epaiketa horrek auzipetuta dauden bost lagun horiez gain "euskalgintza ere kaltetu" baitu.

Aste honetan bi egun Madrilen (Espainia) pasatu behar izan dituzte Egunkaria-ko bost auzipetuek, tartean Txema Auzmendik berak. Epaiketara "urduri" joan zen Auzmendi, "boston deklarazioak ondo irtengo ote zuen kezka" zuelako. "Auziperatu guztiok izan dugu Egunkaria zer zen azaltzeko aukera, baita tratu txar eta torturak salatzeko ausardia ere" azaldu du. Fiskalaren jarrera "azpimarragarria" iruditu zaio, "hasierako jarrerari eutsi dio, hau da, isilik egon da". Guardia zibilena, berriz, "lotsagarria" izan dela uste du.

Hainbat lagun eta gertuko joan zen Espainiako Auzitegi Nazionalera bost auzipetuei babesa ematera eta "pozgarria" izan da. Gabon ostean bueltatu beharko dute Madrilera, opor sasoian etena izango baitu epaiketak. "Indarberritzeko" balioko dio epe honek, "tentsio uneak bizi izan ditugu eta oso ondo etorriko zaigu etena".