Badatoz Gabonak, badator Olentzero

Uztarria.eus 2009ko abe. 17a, 19:12

Bihar, abenduak 18, ospatuko dute Olentzeroren etorrera herriko ikastetxeetan

Ostiraleroko azokara ere egingo du bisita ikazkinak, umeen gutunak jaso asmoz

Gabon usainak, opor usainak eta txorixo usainak bat egingo dute bihar Azpeitiko ikastetxeetan. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean Olentzeroren bisita izango dute. Haren inguruan egingo dute opor aurreko festa eta, nola ez, txorixoa ere ez da faltako, asteleheneko Santo Tomas festaren aurrerapen gisa.

Hauxe da ikastetxe bakoitzean biharko prestatu dutena:

  • Iraurgi Ikastetxean 10:00etan egingo diote harrera Olentzerori. Haur Hezkuntzakoen egoitzara (lehengo Milagrosa) egingo du bisita, baina LH-ko lehen ziklokoak ere han izango dira, eskutitzak Olentzerori emateko. 11:00tatik aurrera, berriz, txorixo otartekoak banatuko dituzte.
  • Azpeitiko Ikastola Ikasberrin goizez, hamaiketakoan, dastatuko dute txorixoa, eta arratsaldez egingo diote harrera Olentzerori. 15:00etan iritsiko da ikastolara, Olatz aldera bila joango zaizkion DBHko ikasleek lagunduta. Gelaz gela bisitak egin ondoren, 16:15ean Gabon kantak eskainiko dizkiote ikasleek Olentzerori, aretoan.
  • Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoek ere arratsaldez egingo diote harrera Olentzerori. Euskal Herria kaleko eraikina izango du lehen pausalekua; 15:00etatik aurrera, haurren gutunak jaso bitartean merienda ere emango diote bertan. Ondoren, Perdillegi kaleko eraikinera joango da Olentzero; han kafea emango diote. Eta batean zein bestean, kantuz eta dantzaz hartuko dute ikasleek.

Olentzero ostiraleko azokan

Ikastetxez ikastetxe ibili ondoren, udaletxeko arkupetara joko du Olentzerok bihar. Han, ostiraleroko azokarekin bat eginez, umeen gutunak jaso eta goxokiak banatzeko prest izango da ikazkina, 18:30etik 20:00etara.

Horrez gain, azokan erosketak egiten dituztenen artean bi baserriko oilasko ere zozketatuko dituzte, ekintza berezi bezala.

Aurtengo azkena

Biharkoa 2009ko ostiraletako azken azoka izango da. Urtarrilaren 8ra arte ez da egongo ostiral arratsaldean merkaturik. Orduan ekingo diote berriro ere urte berriari, eta ordutegi berria izango dute: datorren urtetik aurrera 17:00etatik 19:30era izango da ostiral arratsaldeko azoka, Sanagustinpean.